AKTUALITATEA


| 2020-04-20 13:11:00

Deskargatu dokumentua osoa pdf-n

Prentsa oharra:

Turismo-industria bat-batean gelditu da mundu osoan, eta horren dimentsioak eta ondorioek kalkulaezinak izaten jarraitzen dute. Edozein kasutan, Turismoa pandemiak gehien kaltetutako sektoreetako bat izango da. Susperraldia motela eta zaila aurreikusten da, eta sektoreak gutxiengo egitura bati eusteko administrazioak laguntza handiak eman beharko lituzke. Donostiako alkate Eneko Goiak ere iragarri ditu diru-laguntzak, baita fondo bat sortuko dela ere.

Baina orain galdera ez da noiz eta zein laguntzekin itzuliko den turismoa krisi aurreko egoerara, baizik eta ea egoera berera itzuli behar ote duen. Donostiako EH Bilduk argi du krisiaren ondorioz turismoak bizi duen egoerak aurrerantzean gauzak beste modu batera egiteko aukera eskaintzen duela. Areago, ezinbestekoa da gauzak beste modu batean egitea. Izan ere, askotan errepikatu dugun bezala, turismoaren jardunak Donostian aspaldi utzi zion jasangarria izateari.

2008tik aurrerako finantza krisiaren testuinguruan gertatu bezala, orain ere arrisku handia dago lehentasunak turismoaren sektoreari eskaintzeko. Izan ere, turismoa diru iturri erraz eta azkarra izan daiteke, baina, era berean, oso sektore lurrunkorra dela agerian geratu da. Izan ere, sektore honek sortzen duen menpekotasun eta ahulezia ekonomikoaz ohartuta, berriro ere akats berdinak ez errepikatzea da orain erronka.

EH Bilduren ustez, lanpostuen galerari eta enpleguaren kalitateari aurre egitea da orain lehentasuna. Baina, epe ertainera, aldaketa estrategikoak egin beharko dira Donostiako egitura ekonomikoan, mendekotasun turistikoa murrizteko eta lehentasunezko inbertsio publikoak beste sektore indartsuagoetara bideratzeko: ekoizpena, berrikuntza, zerbitzu digitalak, nekazaritza eta “km0” praktikak, klima aldaketari aurre egiteko enpresak, zaintzak eta sektore sozio-sanitarioa, eta abar.

EH Bilduren proposamenak

Donostiako Turismo-sektorea laguntzeko neurriak

  • Egungo erreskate-paketeetan turismo-industriari eskainiko zaizkion diru-laguntzak mantendu behar dira. Hori bai, diru-laguntza horiek enpresa txiki eta ertainengan kontzentratu behar dira, konglomeratu erraldoiak finantzatu beharrean.
  • Diru-laguntza horiek lehentasunez jasotzeko, turismo eredu jasangarriarekiko konpromisoa hartu beharko dute enpresek:
    • Lan baldintza duinak (Gipuzkoako lan-hitzarmenen arabera)
    • Hiriko nortasun eta bizi kalitatearekiko erantzukizun soziala
    • Donostiako udalak larrialdi klimatikoari aurre egiteko hartzen ari den konpromisoarekin koherentzia
  • Udal-aplikazioko tasa eta zergen etena. Duela egun batzuk aurkeztu genituen Donostiako merkataritza txikiarentzako proposamen orokorrak turismo-sektorera atxikitako establezimendutan ere aplikagarriak dira. Zentzu honetan, Donostiako EH Bilduk bat egiten du hiriko merkataritza elkarte ezberdinek Udalari egin dioten eskaerarekin:
    • Urte honetako OHZren ordainketa kentzea
    • Uraren eta zaborren tasaren ordainketa kentzea
    • Merkataritzako elementuak bide publikoa okupatzeagatiko urte honetako ordainketa kentzea
  • Lana banatzea: Larrialdi egoeraren ondoriozko eszenatoki honetan, sektorean enplegu galera handia aurreikusten da. Enplegu-galera txikitzeko, gainerako lanpostuen banaketa sustatu behar da, lanorduen murrizketa orokorrago baten zati gisa (orduko ordainaren igoerarekin batera). Honek erakunde publikoen diru-laguntzak eskatuko lituzke, baita beste jarduera batzuetara bideratzeko langileek egin beharko duten berregokitze-formazioak eskatu ere.

Diru iturriak

  • Epe motzean, Udalak eskainiko dituen diru-laguntza paketeak
  • Epe ertainera, diru-laguntza horiek finantzatu behar dira bisitariei ezarritako tasa berrietatik (tasa turistikoa) edo karbono-isuriei ezarritako zergetatik.

Beste sektore batzuetara trantsizioa errazteko neurriak

  • Dagoeneko merkataritza-jarduerarako saturatuta dauden eremuetan edo galtzear daudenetan (Parte Zaharra, Erdialdea, Gros, Antigua), merkataritza-lokalak turismoaz bestelako jardueretara bideratzea sustatzea, hala nola merkataritza tradizionalera edo bertan kokatutako negozioak eta enpresak hiriarentzat estrategikotzat jotzen den beste jarduera batera.
  • Hobari fiskala (OHZ murriztea), etxebizitza turistikoak alokairu tradizionalaren merkatura itzul daitezen (edo orain krisialdian alokairu arruntean eskaintzen ari direnak bertan gera daitezen).
  • Beharrezkoa litzateke ekonomiak turismoan gutxiago ardazteko aukera emango luketen sektore anitzetako alternatiba gisa enpresa berriak sustatzea. Bide batez, ahalegin hau baliatu behar litzateke jarduera ekonomikoak birkokatu eta zenbait lurraldek merkatu globalen gorabeheren aurrean duten zaurgarritasuna gutxitzeko, orokorrean.
  • Proiektu komunitarioak antolatzeko oporrak eta aisialdia bultza behar dira, ez dirua irabazteko asmoak bultzatuta, baizik eta sozialki onuragarriak diren esperientzien trukeak.

Turismo estrategia aldatu beharra

  • Turismo Zuzendaritza Plana 2017-2021 iraungita dago. Krisiak utzitako ondorioei eta aipatutako hiri estrategia aldaketaren beharretara egokitzeko, gogoeta berri bat abiatu behar da sektorearekin, sindikatuekin, auzo elkarteekin eta beste eragile sozial eta politikoekin.
  • Estrategia egokitzen den bitartean, pisu turistiko eta hotel berriei moratoria ezarri behar zaie.