AKTUALITATEA


| 2021-06-15 12:08:00

Donostiako Udalak biktimak oroitzeko 12 plaka jartzeko ekitaldiak antolatu ditu dagoeneko, eta sortutako egoeraren balantzea egiteko eta horren arabera erabaki irmoak hartzeko garaia da.

Izan ere, egiaztatu ahal izan dugunez, plakak jartzeko dinamikak uko egin die bizikidetza demokratikoa eraikitzeko tresna integratzailea izateari eta Bakean eta Giza Eskubideetan oinarritutako etorkizun partekatuaren eraikuntza kolektiboari.

EH Bildutik hasieratik adierazi bezala, Udalak antolatutako ekimen hauek ez dituzte betetzen berdintasun eta inklusioaren oinarrizko printzipioak, biktima eta sentsibilitate politiko guztiak errespetatuak eta onartuak izan daitezen. Orain artekoak baieztatu du hori horrela dela. Eta esan daiteke hasierako planteamendutik ere atzera pausuak eman direla.

Lehenik, ekimen publikoak antolatu baino lehen egin behar den aurrelanketarik ez du egiten Udal Gobernuak, eta horren ondorioz egoera desatseginak sortzen dira, biktima mota batzuk birbiktimizatuz, eta abar. Zentzu honetan, gauzak nola ez diren egin behar erakusten du azken ekitaldiak, maiatzaren 5ekoa. Bravo familiak merezi duen aitorpen instituzionala jaso zuen. Baina, horrekin batera, esan behar da Udal Gobernuak ez zuela aurretik egin behar zen lanik egin eta ondorio onartezinak sortu direla.

Izan ere, aitorpen instituzionaleko ekitaldia antolatzeko orduan, Udal Gobernuak hausnarketa sakonagoa egin beharko zukeen duela 41 urte gertatutakoaren inguruan. María Jesús Bravo talde parapolizialek bortxatu eta hil zuten une berean, Francisco Javier Rueda Alonso ere eraso zuten, oso larri geratu zen eta, zauri horien ondorioz, 8 urteren ondoren hil zen. Hala ere, Udal Gobernuak ez du aurrelanik egin Rueda familiarekin, eta prentsaren bidez jakin dute Udalak Bravo familia aitortu behar zuela, eta ez Rueda familia, gertaera beraren biktima izan arren. Ondorioz, Rueda familiak une zailak bizi izan ditu azken asteetan.

Eta, dagoeneko, beste biktimen familia batzuek ere helarazi digute beren ezinegona udal-gobernuaren jokabide horrengatik.

Bigarrenik, Udal Gobernuak onartu egin du zenbait ekitalditan betoa jarri izana donostiarren legezko ordezkari bati: EH Bilduri. Beto horiek Eneko Goia alkateak berak onartu ditu eta ez du defendatu gure hirian dagoen errealitate sozio-politikoa. Ordoñez, Mujica, Cuesta eta Gomez-en familiaren kasua izan da.

Eta hirugarrenik, zenbait ekitaldietan, garaituen eta irabazleen kontakizun bakarrean sakondu da, Donostiako gizartearen gehiengoak partekatzen ez duen kontakizun mota bakarrean, alegia.

Donostiako bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egiteko orduan erreparazio instituzionalerako mekanismo egokiak adostu behar dira. Desberdinen arteko topaguneak sortzeko eta erreparazio instituzionala behar bezala sustatzeko, Donostian egin ez den aurre-lanketa egin behar da. Gure inguruan egin diren esperientziek erakusten dutenez, prozesu horiek arrakastatsuak izateko, ezinbestekoa da desberdinen arteko elkarrizketa sustatzea eta topagune pribatuak sortzea, edozein ekintza publikoren aurretik.

Azken asteetan, EH Bildu saiatu da, era pribatuan eta Giza Eskubideen Batzordean, egoera birbideratzen, baina konpromisorik ez du hartu Udal Gobernuak eta ondorioak begi bistakoak dira.