AKTUALITATEA


| 2020-06-10 13:14:00

Reyes Carrere EH Bilduren Donostiako bozeramaileak "eremu osoaren segurtasunagatik" kezkatuta agertu da. Carrereren hitzetan, "behin eta berriz inprobisatzen ari dira: orain jakin dugu lurpean bazirela identifikatu gabeko harri mota batzuk, baina ekainaren 5 arte dena segurua zela zioten". Horren aurrean, "EH Bilduk eskatzen du, herritarren eta langileen segurtasunagatik, eremu osoaren azterketa sakona egiteko; ezin da lanean jarraitu zulotik 30 metro eskasera, ezer gertatuko ez balitz bezala", esan du Carrerek. "Orain, batez ere, segurtasuna lehenetsi behar da", azpimarratu du Reyes Carrerek.

Bestalde, Donostiako bozeramaileak Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzi-ordezkariaren adierazpenak ekarri nahi izan ditu gogora, “oso adierazgarriak direlako”. Izan ere, metroak "zerikusirik ez" zuela esan zuen EAJko kideak, istripua gertatu eta berehala. Honen aurrean, Carrerek "udal gobernu honi geratzen zaion sinesgarritasun eskasa" nabarmendu du: "Aurreiritzi politiko argia egon da gertatutakoa metroaren obretatik bereizteko". Eta zuzenean galdetu du: "Zein informaziotan oinarritu zen Nekane Arzallus harremanik ez zegoela ziurtatzeko? Zergatik ez ditu oraindik honi buruzko azalpenik eman?" Amaitzeko, Reyes Carrerek metroko obren inguruan dagoen iluntasuna salatu du.

Nerea Kortajarenak, bere aldetik, erantzukizun politikoak eskatu ditu: "Nork hartuko du bere gain egindako akatsaren erantzukizuna? Tapia sailburuak berak? ETSko ordezkariak? Garraio Saileko kargu politikoren bat? Oraindik inork ez du autokritikarik egin. Kontrara, kontuari garrantzia kendu nahian dabiltzala eta honen inguruko ardura politikoak saihestu nahian”. Kortajarenak salatu duenez, “bizilagunen, herrirtarren eta langileen segurtasuna jokoan dago, eta are gehiago, dirutza publiko ikaragari batetaz ari gara, noiz eta pandemiak gogorren jo gaituenean, diru-sarrerak inoiz baino gehiago jaitsiko direnean, eta diru publikoarekin inoiz baino ardura gehiagoz aritu behar denean.”

“Gizarteari eta EH Bilduri galdera asko sortzen zaizkigula” adierazi du EH Bilduko eledunak, eta galdera horiek guztiak egingo dituela EH Bilduk, bai Donostiako Udalean, bai Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean:

  • Pandemia garaian premiak eta aurrekontu publikoak osasun publikoaren, babes sozialaren eta suspertze sozioekonomikoaren mesedetan jarri behar direnean, zenbateko gain-kostua izango du akatsa honek? Ziur asko, dirutza izango da: bi hilabeteko geldialdia obrak egiteko, estudio berriak egiteko.

  • Zergatik ez zen obra geldiarazi tunelean ur-bideak hasi zirenean? Izan ere, sare sozialetan zabaldutako bideoetan denok ikusi ahal izan dugu, ekainaren 5 baino lehenagotik, zerbait larria gertatzen ari zela tunelean.

  • Zergatik ez da orain arte azterketa geotekniko espezifikorik egin eremu osoan?

  • Zergatik hasiera batean Udal Gobernuak esan zuen metroak ez zuela zerikusirik zuloarekin?