AKTUALITATEA


| 2023-12-16 09:12:00

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eremu tentsionatuei buruzko mapa argitaratu ostean, eta Donostiarako egin duen proposamena ikusita, EH Bildutik uste dugu proposamena hankamotz gelditzen dela eta ez dela nahikoa hiriko errolda-eremu batzuk bakarrik sartzea. Eta berriro diogu: Donostia hiriak bere osotasunean etxebizitzaz tentsionatutako hiria izendatua behar du izan. Premiazkoa da hala izatea hirian dugun etxebizitza krisiari irtenbide bat eman nahi badiogu.

 

Gogoratu nahi dugu, gainera, Donostiak bete egiten dituela iragan maiatzean Madrilen onartutako Etxebizitza Legeak ezartzen dituen bi baldintzak, EH Bilduk Gobernuarekin egindako negoziazioei esker. Gogoratuko dugunez, nahikoa da bat betetzea, baina Donostiak biak betetzen ditu, hain zuzen, alokairuen batez  besteko prezioa KPIa baino hiru puntu gehiago igo da azken bost urteetan, eta familien ahalegina alokairua hilero ordaintzeko diru-sarreren % 30a gainditzen du.

 

Ez dugu Jaurlaritzaren eskutik ezagutzera eman den irakurketa partzial hau ulertzen, ezta partekatzen ere. Donostiako Udalean EH Bildutik behin eta berriz eskatu dugun bezala, orain ere berresten gara hiri osoaren deklarazioa eskatuz, auzorik edo zentsu-eremurik baztertu gabe.

 

Orain, Udal Gobernu honi dagokio eskaera formalki aurkeztea eta hemendik eskatzen dugu presaz egin dezala. Eta, hala deklaratu ondoren, alokairuaren prezioak mugatzeko Legean jasotako tresna guztiak aplikatu daitezela.