AKTUALITATEA


| 2023-05-19 21:24:00

«Zerbitzu publiko sendoak behar dira herritarren beharrei erantzun ahal izateko», laburbildu du Olaia Duarte zinegotziak. Txominetik egin du, auzoa «beste adibide bat» baita Donostian zerbitzu publikoen gabezia nabarmenak dituena, gaineratu du. Izan ere, zerbitzu publikoen bidez komunitatea zaintzen da, eta hiria eta auzoak duintzen dira, bai arlo estrategikoetan, hala nola hezkuntzan eta osasunean, bai kultura edo kirol- zerbitzuetan, bide-garbiketan, argiteria publikoan, genero-ikuspegia duen hirigintzan edo herritar guztien eskura bermatu behar den zaintza-sistema publiko baten garapenean.

«Azken urteotan Donostian nagusitu den hiri ereduak lehentasuna eman dio hiriaren erdigunea garatzeari», salatu du Duartek, beste auzo asko bigarren edo hirugarren mailan utziz. «Auzoetako herritarrak gero eta nekatuago daude gero inoiz iristen ez diren ekipamendu eta zerbitzuak eskaintzen zaizkielako. Horren adibide dira Goia alkate denetik estaliko zirela esan, baina oraindik estali ez diren sei plazak: Plaza Handi Egian, Zuberoa plaza Grosen, Arria parkea Altzan, beste bat Larratxon eta beste bi hiriaren ekialdeko barrutian, zehaztuta ez daudenak ere».

Eta gai honek badu garrantzia, izan ere azken urteotan ugaritu egin dira auzoetan espazioak estaltzeko eskaerak. Pandemiaz geroztik behar hau handitu egin den arren, iragarpen haiek gaur gaurkoz prentsako titularrak baino ez dira eta Arria parkeko gunea baino ez dago estalita.

Bestalde, non dago Urumeako ibar osorako anbulatorio berria? Non dago Arteleku plazarako agindutako kultur ekipamendua? «Eta gauza bera esan daiteke Martutenek bizi duen utzikeriari buruz, 5 urte baino gehiago konponbiderik gabe daraman behin- behineko biribilgune batekin, eskolarako gunea dela ohartarazten duen beharrezko seinalerik gabe, errepidez inguratutako ikastola batekin, eta abar luze bat», zerrendatu du Duartek.

EH Bilduk erabateko konpromisoa du auzoekin, eta hori erakutsi genuen 2011-2015eko legealdian gobernatu genuenean. Urumeako uholdeak saihesteko jarduerak urteak zeramatzan blokeatuta Juan Karlos Izagirre bere taldearekin iritsi eta aktibatzea lortu zuen arte. Gaur egun, Urumearen ibarra askoz hobeto dago, baina oraindik asko dago egiteko.

Horregatik, gobernatzen dugunean, Urumeako hurrengo promozioei begira, Loiolako kuarteletatik Sarruetaraino, EH Bilduk garapen horiek planifikatuko ditu lehenik eta behin eremu bakoitzeko herritarrekin, helarazten dizkiguten gabeziak kontuan hartuta, ondoren nola konpon ditzakegun aztertzeko. Udalaren hirigintza-jarduerak ezin dira etxebizitzak eraikitzera mugatu auzoetan bizitza komunitarioa izateko beharrezkoak diren zerbitzuen sare osoa ehundu gabe, auzotarrei bizi-kalitatea sare honek emango baitie.

EH Bilduk auzo biziak eraikitzearen aldeko apustu irmoa egingo du, ez lotarako baino ez diren auzoak. Oinarrizko zerbitzuak, kultura eta kirol-ekipamenduak eta tokiko merkataritza kontutan hartuta egingo dugu. Eta noski, eremu bakoitzean auzo horiek bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko erakargarriagoak egiten dituzten proiektu ekonomiko bultzatzaileak egotearen alde ere egingo dugu.