AKTUALITATEA


| 2021-07-07 11:16:00

Beste urte batez, Udal Gobernuak erabaki du ez dutela euskararik jakin beharko udako errefortzuko lanetarako hartuko diren udaltzain batzuek. Ekainaren 4an, Donostiako Udaleko hizkuntza normalizazioaren batzorde teknikoan, Udaltzaingoaren zuzendariak adierazi zuen aldi baterako langileak kontratatzeko eskaera egin diola Pertsonen Zuzendaritzari, udan dituen beharrei aurre egiteko 8 (70 udaltzain). Bileran, Euskara Zerbitzuak adierazi zuen proposatu duela kontratazioetan ezarri beharreko derrigortasun dataren indizea %92,86 izatea (Udaltzaingoak duen berbera). Udaltzaingoaren zuzendariak adierazi omen zuen ofizialordeak eta lehen mailako agenteek betetzen dituztela eskatutako hizkuntza baldintzak (2. hizkuntza eskakizuna), baina udaltzainen kasuan ezingo dela ziurtatu bitarteko funtzionario guztiek izatea eskatutako hizkuntza eskakizuna. Dakigula, Euskara Zerbitzuak ez du horren aldeko txostenik egin. Hala ere, eskatutako ehunekoa eta hizkuntza eskakizun maila beteko ez duten udaltzainak kontratatzea erabaki du Udal Gobernuak.

Donostiako Udal Gobernuak bi urte izan ditu udan udaltzainak kontratatzeko lan-poltsa bat deitzeko, Irun, Arrasate eta Zarautzek egin duten bezala, baina ez egitea erabaki du eta behar diren azalpenak eman beharko ditu.

Bestalde, Udaltzaingoko sindikatuek jakinarazi dutenez, udaltzainen zuzendariak kendu egin omen die udaltzainei lanorduetan euskara ikasteko aukera, baita lanorduetatik kanpora egindako ikastorduak konpentsatzeko aukera ere. Kontuan izan behar da eskubide horiek zehaztuta daudela, 2021-2022 ikasturterako, Donostiako Udaleko langileek euskara ikastaroetara joateko dituzten baldintzen arauan, baita Udaltzaingoaren berariazko arautegian ere. Hori horrela bada, EH Bilduren ustez, langileen eskubideen aurkakoa da zuzendariak hartutako erabaki hori.

Argi ikusten da bi erabaki horiek atzera urrats handiak direla Udaltzaingoa euskalduntzeko bidean, zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko herritarrok dugun eskubidea urratzeaz batera, Udalean euskaraz lan egiteko aukera murriztuko zaielako udal langileei.

Gainera, hauek ez dira bi kasu isolatu. Udalean euskararen erabilera normalizatzeko jarduerak izan duen atzerakada erakusten duten adibide gehiago daude. Euskaldunok euskaraz egiteko eskubidea dugu, baina ez dugu horretarako bermerik. Eta bada garaia Donostiako Udalean aurrera pausoak emateko norabide horretan, atzera pausoak eman beharrean.

Hauek horrela, alde batetik, Mikel Gotzon Santamaria Udaltzaingoaren zuzendariaren agerraldia eskatu dugu, lan-poltsa eta euskara ikastaroak nola kudeatu dituen azal dezan.

Eta beste aldetik, Euskara zinegotziari galdetuko diogu ea zergatik ez duen bete 2019ko uztailaren 24ko osoko bilkurak lan-poltsetarako ezarri beharreko hizkuntza-irizpideak eta salbuespenezko baldintzak zehazteko egindako eskaera. Hau da, zergatik baliatu duen berriro Udal Gobernuak salbuespenaren bidea arbitrarioki 70 udaltzain horien kasuan. Izan ere, udaro errepikatzen den egoera bat ezin da salbuespen gisa hartu.