AKTUALITATEA


| 2021-03-29 12:49:00

Ordenantza berriaren berrikuntzarik esanguratsuena zen “lehen solairuko araua” (Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 59. artikulua) de facto ezabatzen zuela. Arau horren arabera, arau orokor gisa, Donostian ezin zen ezarri erabilera turistikoko etxebizitzarik eraikinen lehenengo solairuaren gainetik. Ordenantza aprobatu zenetik aurrera, goiko solairuetan kokatzea baimentzen zen, baldintza jakin batzuetan. Salatutako etxebizitzaren egoera litzateke hau.

Ordenantza behin betiko onartu zen osoko bilkuran, 2018ko martxoaren 1ean, EH Bilduk adierazi zuen oso ibilbide laburra izango zuela, bistan zelako HAPOren aurkakoa joaten zela. Ikuspegi juridikotik, ordenantza honek Plan Orokorraren aurkako talka bat suposatzen zuen, HAPOa hierarkikoki edozein ordenantzaren gainetik dagoelako. Hau da, HAPOk dio jarduera ekonomikoek lehen solairuko araua bete behar dutela, eta ordenantzan justu kontrakoa ezartzen zen erabilera turistikoko etxebizitzetarako.

Esan bezala, EH Bilduk Udal gobernuari dozenaka aldiz ohartarazi zion ordenantza berria epaitegiek bertan behar utziko zutela. Udal Gobernuak erantzuten zuen Arau berriak udal-zerbitzuen bermea zuela. Izan ere, orduko Hirigintzako zinegotzi Enrique Ramosek Idazkariari zorionak eman zizkion osoko bilkuran bertan, “lan tekniko handiarekin” lagundu baitzuen Ordenantza egiten.

Jakina denez, 2020ko urtarrilean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak erabat deusez deklaratu zuen Donostiako erabilera turistikoko etxebizitzen ordenantza. Aurtengo urtarrilean, Auzitegi Gorenak jakinarazi zuen Udalaren errekurtsoa ere ez zuela tramitatzera onartzen, eta, une honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren azken errekurtsoaren zain gaude.

Bestalde, aipatu behar da pisu turistiko hori Gros auzoan dagoela, hiriko auzo gentrifikatuenetako bat. INEen arabera, 2010etik 2019ra bitartean auzoak 1100 biztanle baino gehiago galdu zituen (%6), hiriak %1 hazten zuen bitartean. Ukaezina da espekulazio urbanistikoak arazo horretan duen eragina: alokairuak izugarri garestitzen ari dira; pisu turistikoen hazkundea ikaragarria da auzo honetan; gainera, Azora funts-putrea auzoan dozenaka etxebizitza eta lokalen jabea da; hotel berri batzuk irekitzea ere aurreikusten da; eta abar.

Horregatik guztiagatik, eta salatutakoa aztertze aldera, EH Bilduko Udal taldeak, aipatutako etxebizitza turistikoa ezartzeko espedientea eskatu du, eta, bestetik, “Etxebizitza turistikoaren erabilera eta ohiko etxebizitzetako logelak erabilera turistikorako alokatzea arautzen dituen udal ordenantza” tramitazio-espedientea eskatu du, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak legez kanpokotzat jotzen duen Ordenantzarena, alegia.