AKTUALITATEA


| 2020-04-16 13:04:00

Zinez gogorra da, osasun-larrialdi honetan, Hego Euskal Herriko adinekoen egoitza-zentroetan edo ezgaitasuna duten pertsonen zentroetan gertatzen ari dena. Donostia ere ez da salbuespena, eta Altzako Berra egoitzatik, batik bat, albiste kezkagarriak iristen ari dira. Horregatik, Donostiako egoitzen egoeraren berri izateko eta haietan dauden donostiarren zein haien familien eskubideak bermatzeko Udala zer lan egiten ari den jakiteko, Eneko Goia alkatearen agerraldia eskatuko du EH Bilduk. Izan ere, zentro hauek COVID19aren hazkundearen nukleo zaurgarrienetakoak bilakatu dira, eta kutsatuen zein hildakoen kopuruak dira horren adierazle. Era berean, Udalaren eskumeneko pisu tutelatuen egoeraz ere informazioa eskatuko du EH Bilduk.

Esan bezala, Hego Euskal Herriko adinekoen eta ezgaitasuna duten pertsonen zentroen egoera oso kezkagarria da. Administrazioek gomendio eta prebentzio neurriak onartu dituzte, baina haiek eraginkortasunez betetzeko ez dago arreta zuzeneko langile eta material nahikorik. Bestalde, larrialdiaren aurrean, planifikazio falta eta irizpide desberdintasunak izan dira nagusi, egoitzetako langileek eta senideen elkarteek salatu duten bezala: test falta, norberaren babeserako ekipoen gabezia, gaixotu eta ordezkatu ezin den pertsonala…. Bitartean, birusaren aurrean ahulen diren adinekoei dagokienez, isolamenduak, bisitarik ezak eta gertukoen afekturik ezak areagotu egin dute haien zaurgarritasuna.

Gipuzkoaren kasuan, 240 zentro ditugu eta atzo Foru Aldundiak adierazi zuen bezala, 111 izan dira hildakoak; haietako zazpi Altzako Berra egoitzan. Atzo 12 hildako izan ziren eta 17 positibo; horietako hiru Donostian (Berran, Uliazpin eta Iza zentroan).

Altzako Berra egoitzari dagokionez, zenbait langilek oso lekukotza gogorrak eman dituzte eta pertsonal eta material falta nabarmena dagoela eta positibo emandako egoiliarrak eta testa egin gabekoak nahastuta ibili direla ere salatu dute. Argi dago egoera hau argitu behar dela eta neurriak hartu behar direla balizko gabeziak konpontzeko eta akatsak zuzentzeko.

“Donostiako herritar eta eragile askok adierazi digute egoitza eta zentroen egoeraren inguruko kezka. Gauza jakina da Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena dela, baina guk garbi dugu alkateak Donostiako egoitzen egoeraren berri izan behar duela eta, areago, bertan dauden herritarren eta haien senideen eskubideak defendatu behar dituela, eta horren inguruko informazio guztia gardentasunez partekatu behar duela udal taldeokin eta donostiarrekin; besteak beste, horrek ekarpenak eta proposamenak egiteko aukera eman dezakeelako. Oso gai larria da, herritar askori eragiten diona, denok batera jardun behar dugula diogu etengabe, eta beraz, horrekin guztiarekin koherentziaz jokatu behar dugu. Horregatik eskatuko dugu Eneko Goiaren agerraldia”, adierazi du Reyes Carrere Donostiako EH Bilduko bozeramaileak.

Era berean, Udalaren eskumena diren honako baliabide hauen egoera zein den ere jakin nahi du Donostiako EH Bilduk, baliabide hauek ere adineko pertsonei zuzenduak daudela kontuan izanda:

Berrako apartamendu tutelatuak (39 plaza).

Zorroagako apartamendu tutelatuak (27 plaza).

Elizarango apartamendu tutelatuak (10 plaza).

Txara 2-ko apartamendu polibanteak (18 plaza).

Ategorrieta, Berio, Benta-Berri eta Marrutxipiko apartamendu tutelatuak (47 plaza).

Monseko etxebizitza komunitarioak (36 plaza).

Zorroagako 67 plaza.