AKTUALITATEA


| 2020-06-19 12:20:00

Ricardo Burutaran zinegotziaren hitzetan: "Onartezina da zama berri hori pertsona zaurgarrienen bizkar gainean jartzea, eta are onartezinagoa da pandemia baten erdian ezarri nahi izatea. Sektore zaurgarrienak horrela presionatzea da hiri honetan planteatu den politika publiko neoliberalenetakoa, klasismo hutsa da "

EH Bilduren ustez, bateraezina da energia eskuratzeko eskubide unibertsala defendatzea eta berokuntza eta ur beroa aurrez ordaintzeko sistema bat ezartzea. Eta erabaki hau are larriagoa da kontuan hartzen badugu egoera sozioekonomiko ahulean dauden familiei aplikatuko zaiela. Eta are larriagoa da, hain zuzen ere, pandemia baten erdian martxan jartzea, langabezi tasa %25 igo denean, donostiar asko lanik gabe geratu direnean, ERTEn daudenean eta familien diru-sarrerak asko murriztu direnean.

Gure inguruan aurreordainketako esperientzia batzuk dauden arren, orain arte Donostiako Udalak ez du proposatu, Etxegintza sozietatearen bidez, udal-sustapeneko etxebizitza babestuetan ezartzea. Teknikoki, kontsumoa kontrolatzeko gailu bat instalatuko da etxebizitzetan, etxebizitzan bizi den familiari saldoa agortu aurretik geratzen zaion denboraren berri emateko. Saldoa agortzear dagoenean, bide desberdinetatik kargatu beharko da.

Gure gizartean, normalena, zerbitzua kontsumitu ondoren ordaintzea da. Egia bada ere gaur egun hainbat zerbitzuk aurreordainketaren bidez ematen direla, adibidez, ospitaleko geletako telebista-zerbitzuak, orain arte oso gutxitan ezarri da ur beroa eskuratzeko eskubidea bezalako oinarrizko zerbitzu batean.

Zer esan nahi du aurreordainketa energetikoak kasu honetan? Txomin Enean alokairu sozialeko etxebizitzetara bizitzera sartuko direnek aldez aurretik ordaindu beharko dutela District Heating-ek ematen duen berokuntza eta ur beroaren zerbitzua, Ferrovial multinazionalak kudeatzen duena.

Izan ere, aurreordainketa sistemarekin, zerbitzua ematen duen enpresa multinazionala da irabazten ateratzen den bakarra. Kasu honetan, District Heating enpresaren emakidaduna Ferrovial da, eta zerbitzua eman baino lehen dirua eskuratu ahal izango du. "Lankidetza publiko-pribatu" honen alde pribatuaren ikuspegitik, ez dago negozio boribilagorik, eta arrisku gutxiagokoa duenik. Gaizki ulertutako lankidetza publiko-pribatu formula bati buruz ari gara, hau da, non erakunde publikoak kostuak ordaintzen ditu, eta enpresa pribatuak irabaziak ia arriskurik gabe eramaten ditu.

Azken finean, aurreordainketa sistema babes ofizialeko etxebizitzetan ezartzearen aurka agertu nahi du Donostiako EH Bilduk. Donostiako Udal Gobernua ezin da multinazional energetiko baten jokoan erori, eta ezin du hori egin, gainera, gure gizarteko sektore zaurgarrienen kontura, hau da, aukeratzeko aukera gutxien dituztenen kontura.

Horregatik guztiagatik, Udal Gobernuari eta Eneko Goia alkateari eskatzen diegu atzera egin dezatela eta Txomin Eneako alokairu sozialeko etxebizitza berrietan aurreordainketa sistemarik ez ezartzeko. Bertara bizitzera joango diren familiek nahikoa itxaron dute dagoeneko, hautaketa prozesu luzea pasatuz, orain, gainera, aldez aurretik diru kopuru bat ordaindu behar izateko ur beroa izateko.