AKTUALITATEA


| 2020-04-29 12:55:00

Sartzen ari garen fase berriari begira, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela autoen erabilera geldiaraztea eta oinez edo bizikletaz joan-etorri aktiboak sustatzea. Horretarako, beharrezkoa da hirian beharrezkoak diren aldi baterako aldaketak egitea, herritarrak bizikletaz ibili ahal izateko, txirrindularien eta oinezkoen arteko segurtasun-distantziak mantenduz. Eta, horretarako, beste neurri batzuk ezartzeko zain egon gabe, beharrezkoa da gure hirian aldi baterako bidegorriak ezartzea, hala nola Miracruz-Ategorrieta-Jose Elosegi etorbideetan, Ibaeta-Igara industrialdean edo Bizkaia Paselekua-Poligonoa 27 tartean.

Alarma egoera honetan bizikleta mugitzeko modu segurua dela argi geratu da, kutsatzeko arriskurik ez duelako eta distantzia fisikoa errazten duen garraiobidea delako bizikleta. OMEk ere gomendio bera egin zuen: mugitzeko beharra izanez gero, oinez edo bizikletaz egitea. Txirrindularitzako aditu eta bizikleten erabilera aldarrikatzen duten hainbat eragilek ere - tartean Kalapie Hiriko txirrindularien elkarteak - bizikletaren aldeko apustua egin dadin eskatu diete erakunde publikoei. Eta atzo bertan, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroak eskatu die udalei bizikletaren erabilera sustatzea garraio garbi eta iraunkorrerako alternatiba gisa, COVID-19k eragindako osasun-krisialditik pixkanaka irteteko.

EH Bilduren ustez, Donostia bezalako hiri batean, non bizikletaren erabilera hain zabaldua dagoen, ez da ulertzen zergatik ez duen Udal Gobernuak egoerari aurrea hartu eta ez duen bizikletaren aldeko apustu argirik egin. Gai honetan, bai alarma-egoeran, bai deseskalatze-prozesua definitzerakoan, mugikortasun iraunkorraren gaia ez da sartu ez Gobernuaren lehentasunen artean, ezta komunikazioen artean ere, ez sare sozialen bidez, ez prentsa idatziaren bidez.

Eneko Goiaren Gobernuak atzera bota ditu EH Bilduk egindako proposamenak, eta badakigu bizikletaren erabiltzaileak ez daudela batere pozik orain arte egindako kudeaketarekin. Eta jarrera hori are ulertezinagoa da jakinik Donostiak "Bizikletaren aldeko Hirien Sarea" izeneko Estatuko sarean parte hartzen duela. Sare honek txoke-plan bat proposatu du, bizikletaren erabilera areagotzeko konpromiso argiekin, bai konfinamenduan, bai irteerari begira ere. Donostian, oraingoz, ez dugu talka-plan horren berririk izan.

Izan ere, bizikletaren erabilera sustatzearen harira, hainbat adibide ditugu gure inguruan: Berlinen, behin behineko bidegorriak margotu dituzte asfaltoaren gainean, ahal izan den bide guztietan, eta beharrezkoa zen tokian. Frantziak jakinarazi du bizikleta garraiobide nagusia izateko neurriak hartuko dituela konfinamendua amaitzen duenean. Parisek, esaterako 300 milioi euro inbertituko ditu bederatzi bizikleta-ibilbide seguruko sarea sortzeko, eta bizikleta-zerbitzu publikoaren erabilera lehen orduan doan da. Bordeleko metropoli-eremuak bizikletaren alde egitea erabaki du. Jakin berri dugu, baita ere, Milanen 35 km kenduko dizkiola autoari bizikleta eta oinezkoentzako bide berriak irekitzeko.

EH Bildutik konfinamenduaren hasieratik Donostiako Udal Gobernuari hainbat neurri azter eta ezar zitzan eskatu genion: Batetik, garraio publikoa erabili ordez, oinez edo bizikletaz ibiltzeko ohar bat argitaratzea. Bestetik, Osasungintzako langileek dBiziko bizikleta publikoak doan erabiltzeko aukera eta, hirugarrenik, Amaratik ospitalera bizikleta igotzeko aukera aztertzea: bidegorria jartzea igoeran eta etorkizun batean dBizi zerbitzua ezartzeko aukera, bertako langileek erabiltzeko.

Baina Udal Gobernuak, ez du EH Bilduk proposatutako neurri bat ere kontuan hartu. Alde batetik ez zuelako beharrezkoa ikusten bizikletaren erabilera sustatzea. Hala ere, dBizi bizikleta zerbitzua aztertzea eta horiek martxan jartzeko aukera berraztertzea eskatu nahi genioke Udal Gobernuari Donostiarron mugikortasuna hobetze aldera, beti ere osasun neurri guztiak bermatuz.

Bestalde, “Red de Ciudades por la Bicicleta” sareak (non Donostiako Udala parte den), 21 erakundek sinatutako bizikletaren erabilera sustatzeko txoke-plana plazaratu berri du. Plan horretan 12 neurri adostu dira, eta horietako batzuk jada Donostian lehendik ezartzeko asmoa aipatu den arren, ez dira oraindik gauzatu eta orain horiek ezar daitezkeela iruditzen zaigu, horretarako momentua edo aukera dugula orain. Besteak beste, hauek dira bertan adostu diren neurrietako batzuk: bizikleta-sarea handitzea, bizikleta publikoen zerbitzua irekitzea (segurtasun-neurriak mantenduz), koordinazio semaforikoa ezartzea, 30 km/h-ko hiriguneak ezartzea, eta abiadura-mugak gutxitzea eta bizikletentzako aparkaleku seguruak jartzea.

Horregatik guztiagatik, galdera zehatz batzuk egin dizkiogu Udal Gobernuari, azal dezan zergatik ez den ia ezer egin gain honetan, eta, hemendik aurrera, bizikletaren aldeko apustu garbia egin dezan, hainbat esparrutatik eskatzen ari garen bezala.

Laburbilduz, alarma egoera honetan, hiri guztietan, mugikortasuna murriztearen ondorioz, poluzioa jaitsi egin da, baita Donostian ere, eta horren ondorioz, argi dago ingurumena hobetu egin dela, eta beste mugikortasun-eredu baten alde egiteko ordua dela.