AKTUALITATEA


| 2023-05-05 12:38:00

Juan Karlos Izagirrek EH Bilduren lehentasuna zein den azpimarratuz ekin dio bere hitzartzeari: «Donostiarrek euren bizi proiektuak aurrera eraman ahal izatea, horretarako aukerak sortuz». Tamalez, «azkeneko urteotan donostiarrak aukera hori galtzen» ari direla adierazi du, eta gaineratu du «arrazoi nagusietako bat etxebizitza eskuratzeko ezintasuna» dela. «Gero eta zailagoa da Donostian etxebizitzarako sarbidea lortzea», azpimarratu du Izagirrek.

Ildo horretatik, Donostiako datuak gogorarazi ditu: etxebizitzen salmenta prezioa batez beste 500.000 eurokoa da, eta alokairua 1.000 eurotik gora hilean; %45 igo da Goia alkate denetik.

EH Bilduko hautagaiak baieztatu du hau dela «azkeneko urteotako etxebizitza politikaren ondorioetako bat», izan ere, «Udal gobernu honek ez ditu bere esku egon zitezkeen tresna guztiak erabili etxebizitzara sarbidea bermatzeko».

Eta Goiak erabiltzen ez dituen tresna horien artean bi gogoratu nahi izan ditu. Alde batetik, «ez ditu baliatu 2015eko Etxebizitzaren Euskal Legeak ematen dituen aukerak etxebizitza hutsak alokairuaren merkatura bideratzeko» eta, bestetik, «EAJko alkateak promozio berrietan etxebizitza publikoen kopurua minimora mugatu du». Eta ez hori bakarrik, Izagirrek nabarmendu duenez, «etxebizitza publiko asko tasatuak izan dira, donostiar gehienentzat eskuraezinak».

Donostian dugun egoera larri horren aurrean, alkategaiak EH Bilduren konponbide zehatzak azaldu ditu. Lehenik eta behin, Madrilen Etxebizitza Legearen inguruan EH Bilduren babesari esker lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta, alde horretatik, gogora ekarri du duela egun batzuk Kursaalean hartutako konpromisoa «Donostia eremu tentsionatua» izendatzeko, alokairuaren prezioak arautu ahal izateko.

Baina, horrez gain, neurri gehiago behar dira etxebizitzaren arazoa konponbidean jartzeko: «Gaurkoan harago joateko nire konpromisoa iragarriko dut», esan du Izagirrek, eta zera jakinarazi du: «Donostiarrentzat aukerak sortzeko eta etxebizitzara sarbidea bermatzeko 7.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko aukera iragarri nahi dut».

«Alokairuan esku-hartzea ezinbestekoa den moduan, etxebizitza berriak eraikitzea ere bada», esan du Izagirre alkategaiak, gogora ekarriz donostiar askok utzi behar izan dutela euren auzoa eta hiria «etxebizitza eskuratzeko ezintasunaren ondorioz». «Guk erronka honi helduko diogu», nabarmendu du.

Ildo horretatik, Juan Karlos Izagirrek iragarri du hurrengo bi legealdietan EH Bilduko Udal Gobernuak 7.000 etxebizitza eraikiko dituela, hainbat sustapenetan:

  • 3.000 inguru Urumearen ertzean (Hauetatik 1.200 Loiolako kuartelen lur eremuan eta 1.750 Txomin enea, Lorategi Hirian eta Martutenen).

  • 800 Ibaetan.

  • 280 Eason, trenbidea lurperatu ostean.

  • 250 Esnabiden. Onartuta dagoen sustapena da hau, eta % 100 publikoa izango da EH Bilduri esker.

  • 230 Zardoya-Otisen. Indarrean dagoen plangintzaren arabera kopuru hau bikoitza izan zitekeen arren, EH Bildu jarduera ekonomikorako guneekin eremu mistoa sortzeko apustua egingo du.

Horiei guztiei GI-20 saihesbidea eraldatzen denean eraiki ahal izango diren 2.500 etxebizitzak gehitu behar zaizkie. Gogoratuko denez, Izagirrek iragan apirilaren 14an aurkeztu zuen saihesbide zaharra hiribide atsegin bihurtzeko proiektu integrala eta bertan iragarri zuena gogora ekarri du gaurkoan ere: «GI-20 bariantearen eraldaketari esker berreskuratuko ditugun eremuetan beste 2.500 etxebizitza eraikitzeko aukera izango dugu, publikoak guztiak».

Beste aldetik, etxebizitzen kopurua bezain garrantzitsua da etxebizitza publikoen ehunekoa zehaztea sustapen berri horietan. «Guk argi daukagu», berretsi du Izagirrek: «Donostian izango diren promozio berri guztietan, etxebizitza gehienak babestuak eta alokairuzkoak izango dira, eta, hauetatik %20a gazteei bideratuak izango dira.

Azkenik, Izagirrek konpromisoa hartu du auzo horiek guztiak «auzo bizigarriak» izateko. Horretarako, behar diren oinarrizko zerbitzu eta ekipamenduak izango dituzte.