AKTUALITATEA


| 2024-08-09 11:32:00

Biharko Donostiako Klasikoan Israel-Premier Tech talde israeldarrak parte hartuko duela-eta, Udal Gobernuari eskatzen diogu apirilean palestinar herriaren alde onartutako erakunde adierazpena errespetatu dezan. Bertan, Donostiako Udalak «israeldar enpresa, elkarte edo eragileekin harreman komertzial eta instituzional guztiak bertan behera uzteko konpromisoa» hartu zuen, eta beraz, Udalari eskura dituen baliabide guztiak erabiltzea eskatzen diogu talde israeldarraren parte hartzea ekiditeko.

Uztailaren 15ean Donostiako Klasikoaren antolatzaileek jakinarazi zuten UCI ProTourren araudiari jarraituz Israel-Premier Tech talde israeldarrak parte hartuko duela bihar, abuztuaren 10ean, ospatuko den Donostiako Klasikoan.

Horrek, bete-betean urratzen du iragan apirilaren 11n palestinar herriaren alde Donostiako Udalak onartutako erakunde adierazpena. Bertan adierazi bezala, «Donostiako Udalak irmotasun osoz arbuiatzen ditu Israelgo Estatuak Gazako zerrendan zein Palestinako beste lurraldeetan egiten ari den ekintza militarrak, nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria dakartenak».

Horrekin batera, 9. puntuak honakoa dio: «Donostiako Udalak konpromisoa hartzen du israeldar enpresa, elkarte edo eragileekin harreman komertzial eta instituzional guztiak bertan behera uzteko, presio neurri gisa, Israelgo Estatuak Gazako zerrendaren zein Palestinako beste eremuen aurkako erasoak bertan behera utzi ditzan, okupazioa amaitu dezan, apartheid sistema eraitsi dezan, eta errefuxiatu palestinarren itzulera eskubidea berma dezan».

Horregatik guztiagatik, gure desadostasuna adierazten diogu Udal Gobernuari Udal talde guztien artean adostutako adierazpena errespetatu ez duelako, eta haren eskura dituen baliabide guztiak erabiltzea eskatzen diogu talde israeldarraren parte hartzea ekiditeko.

Horrekin batera, bat egiten dugu Gernika Palestina dinamikak luzatu duen deiarekin, eta txirrindularitza zaleak tropela pasatzerakoan gure ikurrekin batera palestinar banderak astintzera animatzen ditugu.