Datorren uztailaren 18an 90 urte beteko dira Espainiako Bigarren Errepublikaren aurkako estatu-kolpe saiakera eman zenetik. Gertaera honek 1936ko gerra ekarri zuen, garai historiko ilun eta luze bati hasiera emanez. Baina, aldi berean, aurten ere 90 urte betetzen dira gure hiriak, Donostiak, altxamendu militarrari aurre egin eta garaitu zuenetik. Garaipen hau 1936ko uztailaren 28an gauzatu zen, Loiolako kuartelen errendizioarekin.
Gertaera hau mugarria izan zen, ez bakarrik Donostiarentzat, baita lurralde osoarentzat ere, garaipen honekin Gipuzkoa Errepublikari leial mantendu baitzitzaion gutxienez beste bi hilabetez.
Demokrazia eta legaltasun errepublikanoaren alde borrokatu zuten ideologia desberdinetako herritarren lorpena izan zen, eta justiziazkoa da protagonistak aitortzea. Izan ere, hiriak garesti ordaindu zuen Errepublikarekiko leialtasuna. 1936an Donostian bizi zen Jean Herbette Espainian Frantziak zuen enbaxadoreak adierazi zuenez, aipatu borroketan «150 eta 200 biktima artean» izan ziren.
Beharrezkoa da, baita derrigorrezkoa ere, gertatutakoa gogoratzea, batez ere belaunaldi berrientzat, eta are gehiago gaur egun ematen ari den totalitarismoen gorakadaren aurrean.
Bide horretan, EH Bildu ekimen ezberdinak gauzatzen ari da azken hilabeteotan Donostiako Udalaren baitan zein kalean, eta horren berri eman dute ostiral honetan egindako agerraldi batean Markel Ormazabal eta Garbiñe Alkiza zinegotziek.
Urdintzu zubian, 12.00etan
Ormazabalek gogora ekarri duenez, iragan apirilean iradokizun bat aurkeztu genuen udaleko Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordean; EH Bilduren ekimena Memoria Historikoaren Aholku Batzordean aztertua izan zen ere, zehazki, Urdintzuko zubian (Loiola) 1936ko uztailaren 28ko gertakariei buruzko oroitzapenezko plaka bat jartzeko eskatuz. Zinegotzi ordezkariak proposamena positibotzat jo bazuen ere, adierazi zuen ezinezkoa zela urteurrenaren data zehatzerako gauzatzea denbora nahikorik ez zegoelako.
«Iradokizun hartan jaso genuenez, Loiolako kuartelek paper garrantzitsua jokatu zuten estatu kolpe saiakeran: altxamendu frankistaren gune nagusia izan ziren Gipuzkoan», oroitu du zinegotziak. Leon Carrasco Amilibia koronelaren erabaki ezak hasieran zalantzak sortu bazituen ere, uztailaren 21ean Loiolako militarrak Donostia hartzera atera ziren. Kolpistek hiriko hainbat eraikin eta puntu estrategiko okupatu zituzten, hala nola Kasinoa (egungo Udaletxea), Komandantzia Militarra, La Equitativa eraikina eta Maria Cristina hotela. Hurrengo egunetan borroka gogorrak izan ziren. Uztailaren 23an militarrek atzera egin behar izan zuten, hiriguneko posizioak utzi eta berriro kuarteletara itzuliz. Lau eguneko setioaren ondoren, goarnizioa uztailaren 28an errenditu zen.
Gertaera ez da oso ezaguna, baina mugarria izan zen: Donostian kolpe militarra erabat garaitu zen eta Gipuzkoa Errepublikari leial mantendu zitzaion, hilabete batzuengatik besterik ez bazen ere.
«Bada, iristear den urteurrena gogoratu eta omendu asmoz, EH Bildutik erakunde-adierazpen bat erregistratu dugu Donostian 1936ko kolpe militar faxista garaitu eta demokrazia defendatu zuten herritarrei aitortza egiteko. Gainontzeko alderdien babesarekin, datorren asteko bozeramaileen batzordean ebatziko bada ere behin betiko edukia, adierazpenak aurrera egingo duela iragarri dezakegu», iragarri du.
Erakundeetatik kanpo, ordea, kalean ere memoria antifaxistaren aldeko ekimenak bultzatu eta sustatzea ezinbestekotzat ikusten dugu. «Ahanzturaren aurkako memoria ariketa herritarrekin batera egin nahi dugu, kasu honetan gertaerak eman ziren leku berean», azaldu du Garbiñe Alkizak.
Hala, EH Bilduk datorren uztailaren 28a, asteartearekin, Loiolako kuartelen errendizioaren 90. urteurrenaren eguna bera baliatu nahi dugu oroimen ekitaldia egiteko. «Ekimena xumea izango da, Urdintzuko zubian, eguerdiko 12:00etan, eta bertan parte hartzeko dei egiten dugu». Demokrazia eta legaltasun errepublikanoaren alde borrokatu zuten ideologia desberdinetako herritarren lorpena izan zen, eta justiziazkoa da protagonistak aitortzea, baina baita beharrezkoa ere, batez ere belaunaldi berrientzat, are gehiago totalitarismoen egungo gorakadaren aurrean.
Azkenik, EH Bildutik gure konpromisoa berretsi nahi dugu iragan apirilean egindako iradokizunak fruituak eman ditzan, alegia, Urdintzuko zubian plaka bat jarri dadin. Espero dugu 90. urteurrena omentzen den 2026. urte hau amaitu baino lehen izatea.