AKTUALITATEA


| 2021-05-25 12:47:00

Bidebieta auzoan ez dago kultur etxerik, eta horrelako ekipamendurik ez duen Donostiako auzo jendetsuena da. Jakina, kultur etxea auzoan bertan izatea bidebietarren eskari historikoa da. Ekialdeko auzoek pairatzen dituzten desberdinkerien beste adibide bat.

2021eko aurrekontuen eztabaidan, EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu zuen Bidebietako Moneda baserrian kultur etxe bat moldatzeko, Kutxa Fundazioarekin hitzarmen bat eginda; duela 25 urte, alfabetatze ikastaroak, edota sexualitateari, yogari eta kultura aktiboari buruzkoak eskaini izan zituen Kutxaren Familia eta Gizarte Heziketa sailak. Tamalez, Udal Gobernuak ez du onartu proposamena.

Ekialdeko Barrutiaren 2020ko aurrekontuetan ere bi proposamen egin ziren Bidebieta auzoan kultur etxea sortzeko: bat EH Bilduk aurkeztua eta bestea, Herripe elkarteak. 2021eko aurrekontuetan, Barrutiko Udal batzordeak onartu egin du ekimen bat azter dadin Bidebieta auzoan kultur etxea sortzeko aukera; Kultura sailak emango duen erantzunaren zain gaude orain.

Garai berean, Bidebietako Auzo Sarean biltzen diren bizilagunek kanpaina bat abiatu dute Bidebietako kultur etxearen alde antolatzeko.

Udal Gobernuari galdetu diogunean ea aurreikuspenik egin duen Bidebieta auzoan kultur etxe bat sortzeko, erantzun digute aztertu izan dutela aukera hori, Kontadores edo Eskola Horia bezalako eraikinak baliatzeko aukera dagoelako. Edonola, adierazi zuen inbertsioak behar dituzten beste auzo berri batzuk ere badaudela, eta egungo kultur etxe sarea ere inbertsio ugariren beharrean dagoela. Beraz, ez zion baiezkorik erantzun, baina ezta ezekorik ere, gure taldeak egindako interpelazioari.

Horiek horrela, datorren osteguneko plenorako mozio bat aurkeztuko du EH Bilduk, eskatzeko Udal Gobernuari:

Azterketa bat egin dezala, aurten bertan, Bidebietan kultur etxe bat sortzeko aukerak zehazteko eta beharko diren baliabideen aurreikuspenak egiteko, eta txostena izatean, horren berri eman diezaiela udal taldeei.

Antola dezala parte hartzeko prozesu bat Bidebietako auzotarrei zuzendua, kultur arloan auzotarrek dituzten kezkei eta beharrei erantzuteko.