AKTUALITATEA


| 2021-08-17 12:14:00

Berriz ere, Eneko Goiaren errezetek ez diete auzotarren beharrei erantzuten; era berean, beste pauso bat dira mota honetako eraikuntzak eta azpiegiturak Donostiako auzo jakin batzuetan pilatzeko inertzia zaharrean.

Groseko errealitatea hauxe da: bertako auzotar askok -zeresanik ez, gazteek- alde egin behar izaten dute ez dutelako etxebizitza duin baterako sarbidea. Datuak argiak dira: Donostian etxebizitza bat erostea zaila bada, are zailagoa da Grosen (% 18 garestiagoa); alokairuaren prezioa, bestalde, 1.300 euro ingurukoa da; babestutako etxebizitzarik ez dago, eta biztanle kopurua jaisten ari da etengabe (1.100 bizilagun galdu zituen Grosek 2010etik 2019ra bitartean, eta beste 177 2020ean). Modu paraleloan, gero eta pisu turistiko gehiago dago (300 inguru) eta gero eta hotel gehiago (Mariaren Bihotza eta Inmaculada ikastetxeetako proiektuak, azkenak).

EAJk eta PSEk Gros azoarentzat dituzten politika publikoak argiak dira: turistifikazio prozesua areagotzea eta bizilagunak kanporatzen jarraitzea.

Horregatik, EH Bilduren ustez, ez du inongo logikarik Okendo-Alden hasieran aurreikusitako proiektua (gazteentzako eta zaharrentzako apartamentuak) baztertzeak eta Nafarroako etorbidearen, Rodil pasealekuaren, Okendo kultur etxearen eta Zubiri-Manteo institutuaren arteko udal lursail hau Basque Culinary Centerren bigarren egoitza kokatzeak. Are gutxiago, handik oso gertu, Udal Gobernuak orain arte hezkuntza zentro izandako bi eraikin (Mariaren Bihotza eta Inmaculada ikastetxea) hotel bihurtzea onartu duela kontuan hartzen badugu.

EH Bilduren ustez, errezeta eta joera zaharrak alboratzeko eta Donostia eta bertako auzoak iraunkortasun eta oreka terminoen arabera, eta herritarren eskubideak bermatzea helburu, pentsatzeko garaia da. Eta hori, gainera, bertako eragile eta bizilagunekin egin behar da.

Donostiaren eta donostiarren interesak eta beharrak, ikerkuntza eta ezagutzaren sektorearenak eta Basque Culinary Centerrenak berarenak ere ondo aztertu behar dira, alternatiba guztiak mahai gainean jarrita. Gainera, hiriko eremu askok, Ekialdeko Barrutiak bezala, proiektu ekonomiko traktoreen premia handia dute.

Baina berriz ere, Eneko Goiak ez du halakorik egin nahi izan: Groseko gaur egungo errealitateari bizkar emanda eta inorekin hitz egin gabe erabaki du kokapena. Zein alternatiba aztertu dira? Zergatik hobetsi da Okendo-Alden BBCren egoitza jartzea apartamentuak egin beharrean? Ontzat ematen al du alkateak Grosen babestutako etxebizitzarik ez egitea?

EH Bilduk ez du konpartitzen ez erabakia, ez hura hartzeko prozedura. Eta horrexegatik azalpenak eskatuko dizkio Eneko Goia alkateari.