Barkaiztegiko bizilagunek denbora gehiegi daramate Martutenerekin modu zuzenean eta seguruan komunikatuko dituen trenbide gaineko oinezkoen pasabidearen zain. Zehazki, ia lau urte, izan ere 2021eko azaroan Tokiko Gobernu Batzordeak oniritzia eman zion Barkaiztegiko trenbide-pasagunea ordezkatzeko trenbidearen gainetik oinezkoentzako pasabide bat egiteko aurretiazko azterlanari. Udal Gobernuak aipatu azpiegitura egitea onartu zuen arazo honi irtenbidea emateko; Eneko Goia alkatearen hitzetan, «urtebete pasatxoan» egina egotea estimatzen zen. Gaur da eguna pasabidearen berri ez duguna.
Utzikeria begi bistakoa da, eta agerian gelditu da ez dela lehentasunezko gaia. Bertako bizilagunek beren kezka adierazi digute behin eta berriz egunerokoan suposatzen dien arazoa handia delako. Trafiko arazotik haratago, ordea, oinezkoentzako arazo larria sortu da Barkaiztegi eta Martutene arteko lotura oso luzea eta arriskutsua baita. Ibilgailuekin partekatu behar dute errepide eskas bat, ez espaloi eta ezta argirik ere ez duena eta, gainera, buelta oso handia egin behar dute. Bertan bizi diren herritar asko adinekoak direla gehitzen zaio.
2021ean pasabidea itxi eta Udaletxearekin sinatutako hitzarmenak lehen fase bat jasotzen zuen behin behineko irtenbidea planteatuz sortzen zen trafikoa-arazoari, baita bigarren fase bat bi urtetako epean behin betiko soluzioa nolakoa izango zen zehazten zuena. Bada, lau urte geroago, bizilagunek zain segitzen dute, eta aurreikuspenak ez dira hobeak: iragan otsailaren 17an Gune Publikoetako Batzordean EH Bildutik Eneko Goiari egindako interpelazio baten bidez baieztatu ahal izan dugu ez dela aurreikusten oinezkoentzako trenbide gaineko pasabiderik egitea, ez behintzat ADIFek trenaren pasagunean egin behar duen obra egin arte, eta hau ez da 2026. urtea baino lehenago hasiko.
Gogoratzea komeni da bertan bizi diren auzotarrei bi lan hauek modu independientean egingo zirela esan zitzaiela, eta 2022rako oinezkoen pasabidea egina egongo zela. Beste obra, pasabidearena, beranduago egingo zela zehaztu zitzaien. EH Bildutik uste dugu urgentziazko gaia dela, ez baita onargarria Barkaiztegitik Martutenera joateko 30 minutuko ibilbidea egin behar izatea bide arriskutsu batetik. Onargarria ez den bezala emandako epeak zinez gainditu izana.
Honengatik guztiagatik, EH Bilduren udal taldeak kontrol mozioa defendatuko du datorren otsailaren 27an egingo den Osoko Bilkuran EAJren eta PSEren Udal Gobernuari eskatzeko, 2021ean auzotarrei agindu zitzaien bezala, hasi daitezela berehala trenbide gaineko oinezkoen pasabidea egiten Barkaiztegi eta Martutene modu zuzenean eta seguruan lotzeko. Era berean, bat egiten dugu bizilagunen ezinegonarekin eta babesa adierazten diogu astelehenerako, hilak 24, egindako deialdiari.