AKTUALITATEA


| 2026-02-15 11:00:00

EH Bildutik interpelazioa erregistratu dugu astelehen honetako batzordeetan, hilak 16, atxilotuen jatorriaren berri emateko erabakiari lotuta. EAJren Segurtasun zinegotzi delegatua den Martin Ibaberi zuzendutako ekimen honetan, atxilotuen jatorriagatiko datuak ematearen inguruan duen iritzia eskatuko diogu zuzenean. Izan ere, eta norabide aldaketa argi batean, azken astean Jon Insausti alkateak aldebakarrez hartu duen erabaki honek, Udal Gobernua osatzen duten bi alderdien arteko desadostasunak ez ezik, EAJren baitan ere iritzi desberdinak piztu ditu. Eta adibideak ez dira falta. Aldebakarrez hartzen den ezein erabakiri exijitu beharreko gutxienekoa zorroztasuna da, eta hori da Udal Gobernuari eskatzen dioguna.

Azken egunetan Donostiako alkateak egindako adierazpenak kezkagarriak dira, eta zalantza handiak sortu dizkigu. Gaur gaurkoz, ez dugu ezagutzen zein ebidentziatan oinarritzen den irizpide aldaketa hau egiteko, eta horren faltan, segurtasun edo polizia-arloko arrazoiak baino, kalkulu elektoralak daudela uste dugu.

Atxilotuen jatorria komunikatzeak segurtasunean inpaktu positiborik izango ez duen moduan, kolektibo osoa seinalatzea ekarri dezake hala egiteak. Aurreiritziak indartzearekin batera, zenbait kolektibo susmagarri irudikatzea ekar dezake, finean, elkarbizitzaren edo inklusioaren aurka zuzenean eraginez. Segurtasuna eta migrazioa bezalako gai konplexuetan sinplekeriak alde batera utzi behar dira, eta populismoan ez erori. Segurtasunaz hitz egin behar dugu, bai, baina ultraeskuinak markatzen duen markotik kanpo, eta arduraz.

Gauzak honela, irizpide aldaketa hau atzera bota dezan eskatzen diogu Jon Insausti Donostiako alkateari, eta mantendu dadila azken hamarkadetan Euskal Herrian, eta baita Donostian ere, izan den kontsentsu politikoa eta soziala. Kontrakoa egiteak, segurtasuna zein segurtasun sentsazioa sendotzetik urrun, elkarbizitzaren eta errespetuaren aurka egingo lukeela uste dugu. Segurtasunaren gaian azaleko azalpenetan aritzea arriskutsua da oso. Zentzu horretan, EAJri eskatuko diogu itzuli dadila kontsentsuzkoak eta adituek abalatuak diren posizioetara, ultraeskuinak markatzen duen agendari jarraitu beharrean. Udalbatza honetan, EAJ eta PP dira jatorriagatiko datuak publikatzearen alde agertu diren bakarrak