AKTUALITATEA


| 2021-05-19 12:35:00

Legegintzaldiaren erdia betetzear dagoenean, Donostiako EH Bildu udal taldearen lan ildo nagusietako batek Altzako, Intxaurrondoko eta Bidebietako bizilagunen bizimodua hobetzea izaten jarraitzen du. Hilero, eragile sozialekin batera landutako ekimenak lantzen ditugu Udal batzordeetara eta Osoko Bilkurara eramateko; Ekialdeko Barrutiko Batzordeko gure ordezkariak gogor aritzen dira erakunde hau behingoz abian jartzeko, eta kaleari dagokionez, EH Bilduko taldeek beren dinamika propioa dute bertan.

EH Bilduk Udal Gobernuaren erantzukizuna bere gain hartu zuenean, 2011n, hiriko arazo oso larri bat konpontzeko konpromisoa hartu zuen: Martutenen eta Txominen aldizka izaten ziren uholdeekin amaitzea. EH Bilduk ordura arte inork egin ez zuena egin zuen. Eta, hura bideratu ondoren, esan genuen hiriaren hurrengo erronkak Altzak, Intxaurrondok eta Bidebietak hiriko gainerako auzoekiko dituzten desorekak ezabatzea izan behar zuela.

Hala ere, Udal Gobernuak eredu zentralistaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, inbertsio gehienak zentrorako pentsatuta baitaude. Atzo bertan, Tokiko Gobernu Batzordearen albiste nagusia zen Kontxan hiru esku-hartze egingo zirela.

Izan ere, historikoki, Donostian dikotomia bat planteatu da, gaurdaino iritsi dena: zerbitzuak erdigunean eta ekialdean etxebizitzak. Eta ukaezina da hiriko oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko zailtasunek eta proiektu-traktore berririk ez sustatzeak desberdintasun sozioekonomikoak areagotzen dituztela. Gainera, hiri ekipamendu eta zerbitzuen gabeziak herritarren eskubide oinarrizkoenak bete-betean gauzatzea oztopatzen du.

Desoreka horiek agerian uzteko datu batzuk emango ditugu:

  • 44.840 pertsona bizi dira hiriko ekialdeko auzoetan: Bidebieta (8.951), Altza (20.450) eta Intxaurrondo (15.439); hau da, lau donostiarretik bat.

  • Donostiako langabezia-rankingean, Bidebieta, Altza eta Intxaurrondo beti daude goiko hiru postuetan.

  • Familia errenta: Altzako etxeetan urtean sartzen den batez besteko dirua Zorroaga-Miramonen baino 3,5 aldiz txikiagoa da. Eta urtetik urtera handitzen doa tartea.

  • Hemen, gainerako auzoetan baino pertsona gutxiagok dituzte goi-mailako ikasketak. Eta jende gutxiago dago zuzendari edo profesional tekniko lanpostuetan.

  • Altzan, Bidebietan eta Intxaurrondon batez besteko bizi-itxaropena Aieten baino lau urte txikiagoa da.

Borroka sozialak

Auzokoek askotan esaten duten bezala: "beste auzo batzuetan zerbitzuak ezartzen dituzte, guk ekarri behar izan ditugu". Eta, hain zuzen ere, borroka sozialei esker lortu dira Altza, Bidebieta eta Intxaurrondo oinarrizko azpiegiturak eta ekipamenduak.

Adibide historiko asko daude: 60-70eko hamarkadako autobus zerbitzuaren eta argiztapen publikoaren aldeko borroka, anbulatorioa, Larratxoko haurtzaindegia, etab. Eta ondorengo adibideak ez dira falta: Bidebietako institutua ez ixteko antolatutako "marea horia"; Intxaurrondoko trenbideak lurperatzeko borroka; Altzako behin-behineko kiroldegia eskatzeko dinamikak; Intxaurrondon barruko mikrobus-zerbitzu berri bat ezartzeko aldarrikapenak; Bidebietako kultu etxearen aldeko sinadura bilketa....

Hiri martxa maiatzaren 30ean

Altza, Bidebieta eta Intxaurrondok pairatzen dituzten desorekak agerian uzteko, udal gobernuaren pasibotasuna salatzeko - oso arduratuta dagoela esaten du, baina bere praktikan ez du ezer aldatzen egoerari buelta emateko, aitakeria eta zurikeria, besterik ez - eta irtenbideak proposatzeko, EH Bilduk Hiri Martxa bat antolatu du, “Ekialdean Bizi eta Lan / Terminemos con las desigualdades entre barrios” lemapean, maiatzaren 30ean, igandea, goizeko 11:00etan, Herrerako Euskotren geltokitik Udaletxeraino.

Era berean, Altza, Bidebieta eta Intxaurrondoko bizilagunen artean gai horiek guztiak zabalago aztertzen dituen aldizkaria buzoneatzen ari da.