Bizkaia

Jone Goirizelaiak gizarte zerbitzuak indartuko ditu Bilbon arrakala soziala gero eta handiagoa delako

Alkategaiak eta Bea Ilardia ahaldungai nagusiak azken urteotan prekarietatea Bizkaian osoan zehar hedatu dela salatu dute eta orain arte gobernatu dutenen autokonplazentzia kritikatu dute.

| 2019-05-16 14:05:00

Jone Goirizelaiak oinarrizko gizarte zerbitzuak indartzea du helburu, eta hala iragarri du gaur Indautxun, Bilbon eta Bizkaia osoan gehien eta gutxien dutenen arteko aldeak gero eta handiagoak direlako. EH Bilduren alkategaiak “oinarrizko gizarte zerbitzuak ongizate sistemarako sarbidea” direla azpimarratu du eta beharrezkotzat jo du “gizarte langile gehiago kontratatzea zerbitzu horiek indartzeko, gaur egun Gizarte Zerbitzuen Legeak dioena ere ez garela betetzen ari”. Horren ildotik rantsi duenez, gizarte zerbitzuetara jotzen duten herritarren estigmatizazioa amaitu eta zerbitzu horien erabilera normalizatu behar da, osasun zentroak erabiltzea bezain normala izan behar delako”.

“Arrakala soziala agerikoa da Bilbon eta inork ez du ukatzen jada”, esan du Goirizelaiak, “bertako datu sozioekonomikoak okerrenak direlako euskal hiriburuen artean eta okerrera egin dutelako, gainera, azken urteotan, ekonomikoki ahulenak diren herritarren egoerak, hobetu beharrean, okerrera egin baitu”. Datu objektiboak argiak dira zentzu horretan: langabezia tasa (23.000 herritar) %13koa da, EAEko bataz bestekoa baino lau puntu altuagoa, 26.000 pertsona benetako pobrezia egoeran bizi dira eta 250 pertsonak ez dute etxebizitzarik, azken bi urteotan kopuru hori bikoiztu delarik.

Bea Ilardia: “Bizkaiak langabezia eta prekarietate tasarik altuenak ditu”

Langabeziaren eta prekarietatearen arazoa ez da Bilbora mugatzen, baizik eta orokorra da Bizkaian, Bea Ilardia ahaldungai nagusiak ohartarazi duenez. “Egun Bizkaia da Euskadin langabezia eta prekarietate tasa altuenak dituen herrialdea” eta, beraz, orain arte gobernatu dutenen diskurtsoen gainetik, “autokonplazentziak ez du tokirik Bizkaian”. Ilardiaren esanetan, “ezin dugu onartu Bizkaia bat non lana izateak ez duen bermatzen hile bukaerara heltzea”. Bada, prekarietatea handitu duten politikak atzean utzi eta “bizitza duina bermatuko duten politika berriak behar dira Bizkaian, gure bizitzetan ezin baita arraroa izan 8 orduz lan egin, 8 orduz deskantsatu eta 8 orduz denbora libreaz disfrutatzea. Horretarako ekonomia egonkorra eta fiskalitate justu bat behar dugu, horiek ezinbesteko osagaiak direlako zerbitzu publiko duin eta kalitatezkoak lortzeko”.

Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek aurre egin behar dioten labirinto burokratikoa desegin nahi du EH Bilduk

Bea Ilardiak ezinbestekotzat jo du eraso matxisten biktimei arreta integrala eskaintzea eta proposatu du Aldundiak administrazio guztiak koordinatzeko ardura eta lidergoa hartzea

| 2019-05-15 14:08:00

Bea Ilardia ahaldun nagusigaiak indarkeria matxistaren aurkako EH Bilduren proposamenak aurkeztu ditu gaur Bilbon, Areatza parkean. Ilardiak funtsezkotzat jo du “eraso matxistak pairatzen dituzten emakumeek gaur egun aurre egin behar dioten labirinto burokratikoa amaitzea”, salaketa egiten dutenean, “oso egoera mingarri eta ahulean, beraz”, oztopoak baino ez dituztelako topatzen, eta horrek, labirinto horrek, ezinezko egiten du behar eta merezi duten erantzun zuzen eta egokia ematea.

Hori dela eta, EH Bilduko hautagaiak proposatu du Foru Aldundia izan dadila administrazio guztien arteko koordinazioa bultzatuko duena eta horren lidergoa bere gain hartuko duena, “indarkeria matxistaren biktimek lehen momentutik bertatik laguntza integrala jaso dezaten”. Ilardiak esan duenez, “instituzioek emakumeon bizitza erraztu behar dute, eta ez eragozpen gehiago jarri. Azken finean, emakume bakoitzak uneoro behar duen laguntza eta zerbitzuak izatea proposatzen ari gara, bai eta salaketa jartzeko urratsa ematen dutenean behar dituzten laguntza eta zerbitzu guztiak epaitegi eta komisarietan sartu bezain laster jaso ditzatela ere”.

Aldundiak kontratatutako enpresetan 1200 euroko gutxieneko soldata ezartzea proposatu du EH Bilduk

EH Bilduren ahaldungai nagusiak dioenez, Aldundiak prekarietatea zabaltzeari utzi behar dio behingoz eta kontratazio publikoak lan baldintza duinak bermatzeko baliatu behar ditu.

| 2019-05-14 12:08:00

“Bizkaiko Foru Aldundiak erreferente bat izan behar du lan baldintza duinak bermatzeko borrokan, ezin du prekarietatea zabaltzen jarraitu”. Bea Ilardiak argi du enplegu duina sustatzeak EH  Bilduren jardunaren ardatz nagusietariko bat izan behar duela Aldundian eta, hortaz, horrekiko konpromiso sendoa hartu du gaur Bilbon, Diputazioaren aurrean. Hala, “Aldundiak egiten dituen kontratazio publikoetan, Aldundiak kontratatutako enpresa guztietan, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea” proposatu du, “ongizatearen oinarrietako bat, bizitza duin eta egonkor baten oinarrietako bat, lan baldintza duinak direlako. Hilaren bukaerara heltzea ez da zerbait berezia izan behar, normala izan behar du”.

EH Bilduren ahaldungai nagusiak behar-beharrezkotzat jo du kontratazio publikoetan klausula sozialak jartzea, horixe baita mekanismorik eraginkorrena lan baldintza duinak ziurtatzeko. Orain arte, ordea, Aldundiak ez die horrelako klausularik jarri kontratatzen dituen enpresei, eta emaitza, tamalez, prekarietatearen handitzea izan da. “Une honetan zenbait lanpostutan 1.200 euro baino gutxiago ordaintzen ari dira, eta hori ez da onargarria. 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea ezinbesteko urratsa da bizitza kalitatearen hobetzean urratsak emateko”.

Horren haritik, Ilardiak gogora ekarri du EH Bilduk kontratazio publiko guztietan klausula sozialak ezartzeko lege proposamena aurkeztu duela arestian Gasteizko Legebiltzarrean, “baina EAJ, PSE eta PPk bat egin zuten hain arrazoizkoa eta beharrezkoa zen proposamen hori atzera botatzeko”.

Bizkaiko ahaldun nagusigaiak instituzioak behetik gora, gardentasunez eta herritarren parte-hartzearekin, gobernatzearen balioa nabarmendu du Elorrion

Bea Ilardia: “EH Bilduk gobernatzen duenean jendearen bizitzak hobera egiten du”

| 2019-05-13 22:17:00

Bea Ilardiak EH Bilduren gobernatzeko estiloa aldarrikatu du gaur arratsaldean Elorrion, non koalizioak, Idoia Buruagaren eskutik, Alkatetzatik erakutsi baitu “gobernatzeko beste eredu bat” daukala, “herritarren interesei erantzuten diena”. Buruaga bera egon da ahaldungai nagusiaren alboan, bai eta Jasone Agirre legebiltzarkidea ere.

Ilardiak adierazi duenez, “EH Bilduk gobernatzen duen tokietan jendearen bizitzak hobera egiten du gardentasunetik eta herritarren parte-hartzea sustatzetik gobernatzen duelako, behetik gora, instituzioek guztion interesei erantzun behar dietelako”. Elorrio gobernantza eredu horren adibide da, “herritarrek leku gutxitan Gobernu Plana adostu eta horren jarraipena egiten dutelako; herritarrek leku gutxitan dute horrelako ahotsa haien bizitzei eragiten dieten erabakiak hartzerakoan. Hori da, finean, EH Bilduren gobernatzeko eredu eta era”.

Arazoetan dauden enpresei laguntzeko 50 milioi euroko funtsa sortzea proposatu du Bea Ilardiak

EH Bilduren ahaldungai nagusiak Bizkaian sektore industrial garatu eta indartsu bat izatearen garrantzia azpimarratu du eta neurri sorta planteatu du xede horrekin.

| 2019-05-13 13:16:00

Bizkaiak “sektore industrial garatu eta indartsu bat” behar duela jabeturik, Bea Ilardiak Foru Aldundian 50 milioi euroko funtsa sortzea proposatu du gaur arazoetan dauden enpresei laguntzeko. EH Bilduren ahaldungai nagusiak Barakaldon eman du ezagutzera egitasmo hori, Ezkerraldean, krisi ekonomikoaren ondorioak gehien pairatu dituzten eskualdeetariko batean. Adierazi duenez, “EH Bilduk argi dauka ekonomia egonkor bat beharrezkoa dela bizkaitarron bizi kalitatearen hobekuntzan urratsak emateko, eta horretarako beharrezkoa da sektore industrial garatu eta indartsu bat izatea”.
Helburu horrekin, Ilardiak neurri sorta proposatu du. Egoera zailean dauden enpresentzako 50 milioiko funtsa sortzea neurri nagusia da, “enpresak erakarri behar ditugulako, bai, baina funtsezkoa delako, baita ere, orain lanean daudenei eustea, enpresa eta lanpostu horiek ez galtzea”. Funtsa sortzearekin batera, Jaurlaritzarekin elkarlanean enpresa horien jarraipena egitea ezinbestekotzat jo du hautagaiak. “Bestela, orain arteko akats berberak errepika ditzakegu, Navalen gertatu dena ezin da berriro gertatu”.


Halaber, EH Bilduren ahaldungai nagusiak proposatu du lurzoru industrialak (Gernika, Basauri, Trapaga) berreskuratzea industria aurreratua sustatzeko, deslokalizazioen aurkako foru araua zorrotz aplikatzea eta administrazioen aldetik langileei laguntzea eta erraztasunak ematea enpresa beren gain hartu nahi dutenean.

ALBISTEAK

Asier Vega: «EH Bilduren egiteko moduak gero eta jende gehiago biltzen du, baita Bizkaian ere»

2021-06-13 19:29:00

EH Bildu Bizkaiak bere zuzendaritza berria aurkeztu du gaur goizean, Bilbon.

EH Bilduko Bizkaiko zuzendaritza berriak %90,62ko babesa jaso du

2021-06-05 12:29:00

Asier Vega Isasik aurkeztutako lan taldeak zuzenduko du hurrengo lau urteetan EH Bildu Bizkaia

Lurralde politika eta plangintza estrategikoa eskatu ditu EH Bilduk Ezkerraldera inbertsio industriala erakartzeko

2021-06-05 12:12:00

EAJk eta PSEk Ezkerraldearekiko ahanztura instituzionala eta tertziarizazioaren aldeko urteetan nahita egindako apustua gaitzetsi ditu. Horren aurrean, lurzoruaren kudeaketa bere katalogazio industrialaren araberakoa izan dadila aldarrikatu du EH Bilduk, inbertsioak erakartzeko eta eskualdeari etorkizun duina bermatzeko.

EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio hobari-sistema bat ezar dezala AP-68ko ordainlekuan, Bizkaiko zatian

2021-06-01 14:32:00

Neurri horri esker, Hego Uribek jasaten duen diskriminazioarekin amaitu eta BI-625 errepidetik kamioien trafikoa murriztuko litzateke