Bizkaia

Bizkaian dauden gabeziei irtenbidea bilatzea izango da EH Bilduren helburua

Batzarkide talde berriak akreditazioak aurkeztu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan

| 2019-06-10 13:30:00

Bizkaiko EH Bilduko batzarkide talde berriak gaur goizean aurkeztu ditu akreditazioak Batzar Nagusietan.
Bea Ilardia ahaldun nagusia izateko hautagaiak batzarkide talde berriaren helburua zein izango den azaldu du.
“Gaur goizean EH Bilduko kideak Bizkaiko Batzar Nagusietan akreditatu gara. Era horretara azken hilabeteetan planteatu ditugun helburuetan beste urrats bat eman dugu.
EH Bildun argi daukagu Bizkaian gabezia larriak daudela eta horiei soluzio bat eman behar zaiela. Eta soluzio horiek instituzioetatik ere heldu behar dira. Jendeari bizitza duina bermatzeaz ari gara. Kalitatezko enplegu duinaz ari gara eta eskualdeen arteko oreka bermatzeaz ari gara, zerbitzu hobeak eta baliabide gehiago bideratuz. Horretarako prest gaude. Horretarako programa eta proiektua daukagu”
, adierazi du Ilardiak.

Batzarkide berrien zerrenda:
Bea Ilardia Olangua
Arantza Urkaregi Etxepare
Iratxe Arriola Alzola
Izaskun Duque Santacoloma
Asier Vega Isasi
Zigor Isuskiza Arana
Raul Mendez Urigoitia
Iker Rahona Garay
Meritxell Elgezabal Intxaurraga
Onintze Oleaga Soleaga

 

EH Bildu bozketan igo da Bizkaian eta bigarren indarra izaten jarraitzen du

Bea Ilardia: Bizkaia hobetzera gentozela esan genuen eta helburu horrekin lan egingo dugu hurrengo lau urteotan

| 2019-05-27 01:20:00

Bizkaiko koordinatzaile nagusia den Asier Vegak Bilbon udal eta foru hauteskundeetan emandako emaitzen irakurketa egin du. Vegarentzat "Parte hartzearen gorakada eman den kontestuan EH Bilduk zuen erronkari aurre egin dio. Bai Bizkaian baita Bilbon ere bozka kopuruan gora egin dugu. 120.000 bozka baino gehiago lortu dugu gure gehiengo historikora hurbilduz eta 29 herrietan indar bozkatuena izanik. Barrutien banaketak ez digu mesede egin eta batzarkide bat galdu dugu. EAJ zoriondu dugu baina argi geratu da bizkaitarrek oposizioko lehen indarra izateko hautatu gaituzteka. Bilbon bozka kopuruan gora argi egin dugu bosgarren zinegotzia lortzeko 400 bozketara geratuz.

Bea Ilardia: Bizkaia hobetzera gentozela esan genuen eta hurrengo lau urteetan helburu horrekin lan egingo dugu

Bizkaiko Batzar Nagusietarako EH Bilduren zerrendaburua den Bea Ilardiak bere hitzartzean nabarmendu du, koalizioa Bizkaia hobetzera zetorrela eta hurrengo lau urteetan helburu horrekin lan egingo duela. "Bozka kopurua ikusita argi dago ideia horretara pertsona gehiago erakarri ditugula. Bigarren indarra izaten jarraitzen dugu eta EH Bilduk goranzko joera mantentzen du. Eskerrak eman nahi nizkioke kanpainan parte hartu duten pertsona guztiei eta bere babesa eman digutenei" amaitu du.

 

Ilardia: “EH Bilduren Bizkaian enplegua kalitatezkoa da, gazteek etorkizuna dute eta nagusiak babestuta daude”

Jone Goirizelaiak azpimarratu du bere hautagaitza osatzen duten kideen sustraiak Bilboko auzoetan daudela. “Jendearekin eta jendearentzat lan egiten dugun pertsonak gara”.

| 2019-05-24 19:50:00

EH Bilduk amaitutzat eman du hauteskunde kanpaina Bizkaian Bilboko Plaza Barrian Jone Goirizelaia alkategaia eta Bea Ilardia ahaldungai nagusia protagonista izan dituen ekitaldi batekin. Ilardiak aukera baliatu du koalizioak proposatzen duen Bizkaia nolakoa den azaltzeko, “guk nahi dugun Bizkaia argazki polit batetik baino askoz harago” doalako, zehaztu duenez. “EH Bilduren Bizkaian enplegua kalitatezkoa da eta posiblea da lanpostu batekin hile amaierara iristea, gazteak ez daude lan prekarioak egitera behartuta eta bizitza proiektu bat garatu dezakete, gure nagusiak, gure gurasoak, gure amamak babestuta eta ondo zainduta daude… Hori da guk proposatzen dugun Bizkaia justu eta solidarioa”.

Jone Goirizelaiak, bere aldetik, ziurtatu du bere ekipoak gogor lan egingo duela Udaletxean bilbotarren arazoak konpontzeko, eta bera buru duen hautagaitza osatzen duten gizon-emakume guztien konpromisoa goraipatu du. Izan ere, “Bilboko auzo guztietan ditugu gure sustraiak, kaleko, auzoetako jendea gara eta jendearekin eta jendearentzat lan egiten dugu”.

Bea Ilardiak eskualdeen arteko desorekak desagerrarazteko konpromisoa hartu du ongizatea herritar guztiengana hel dadin

Ahaldun nagusigaiak “Bilbo Handiak EH Bildu indartsu bat behar” duela adierazi du, Bizkaiak bi abiaduratan ez jarraitzeko.

| 2019-05-24 13:00:00

EH Bilduren ahaldungai nagusi Bea Ilardiak bere konpromisoa adierazi du Bilbon “gaur egun Bizkaiko udalerrien artean, baita auzoen artean ere, dauden desoreka sozial eta ekonomikoak desagerrarazteko”. Azaldu duenez, bere lehentasuna “ongizatea herritar guztiengana heltzea” izango da, “jende guztiak bizi kalitate ona ziurtaturik izan dezan auzo batean bizi ala bestean, herri batean bizi ala bestean”. Horretarako, azpimarratu du, “EH Bildu indartsu bat behar dugu, baita Bilbo Handian ere, EH Bildu funtsezkoa izango delako politika horiek egin ahal izateko eta beste batzuek dekretuz ez gobernatzeko”.

Ilardiaren iritziz, “Bilbok eta inguruak izan duten garapenaz haratago oraindik badaude irtenbidea behar duten gabezia asko eta, beraz, asko dago egiteko bertakoen bizi kalitatea hobetu eta bermatzeko”. Horri dagokionez gogora ekarri du “Bilboko langabezia tasa Bizkaikoa baino bi puntu altuagoa” dela eta “inguruko udalerri batzuetan bost puntu handiagoa” dela, “%18ra iristeraino”.

Hori horrela, EH Bilduren ahaldungai nagusiak argi du “denon interesei erantzuten dieten politikak aplikatu behar” direla, eta horren ildotik koalizioaren apustua berretsi du “lanpostu duinen alde, dibertsifikatutako ekonomia baten alde eta, batez ere, industria garatuaren alde”. Izan ere, “gure erreferentzia Europako herri aurreratuenak dira jendearen bizi kalitatea hobetzeko, eta argi daukagu hori Bilbo Handian ere posible dela EH Bildu indartsu batekin”.

EH Bilduk babesa adierazi die Navaleko langileei eta krisian dauden enpresei laguntzeko 50 milioiko funtsa sortu behar dela berretsi du

Ezkerraldeko hautagaiek industria defendatzeko konpromisoa hartu dute eta patronalaren interesak lehenestea egotzi diote EAJri. “EBBn ezagutzen duten buzo bakarra iturginena da, sare klientelarra koipeztaturik edukitzeko erabiltzen dutena, alegia”.

| 2019-05-24 08:16:00

EH Bilduren Ezkerraldeko hainbat zerrendaburu Navaleko langileekin batzartu dira gaur goizean Barakaldon babesa adierazteko eta ontziola defendatzeko duten konpromisoa ere helarazteko. Konpromiso hori eskualdeko sektore industrial osora iristen da, zehaztu dutenez, Ezkerraldea EAJk gobernatzen dituen instituzioek bultzatutako desindustrializazio prozesu baten biktima izan delako. Iker Casanova legebiltzarkidearen hitzetan, “EAJ patronalaren esanetara egoten da beti, eurena burdinazko aliantza da, elite ekonomikoen interesen alde eta langileen lan baldintzen kontra”.

Horren ildotik, Casanovak salatu du “EAJ mozorroturik etorri dela Barakaldora hauteskunde kanpainan, Ezkerraldearen eta langileen defendatzailea dela irudikatu nahian, baina hori gezurra da”. Izan ere, “Ezkerraldea Euskal Herriko adierazle ekonomikorik txarrenak ditu” eta “Euskadi Buru Batzarrean ezagutzen duten buzo bakarra iturginena da, euren sare klientelarra koipeztaturik edukitzeko erabiltzen dutena, alegia”.

Barakaldon Navaleko langileekin egindako bileran bertako alkategai Maria Solar ere izan da, bai eta Iker Gil Portugaletekoa eta Mikel Izquierdo Sestaokoa ere. Izaskun Duquek ere hitza hartu du. Bera da Batzar Nagusietarako EH Bilduren zerrendaburua Enkarterri-Ezkerraldeko barrutian eta, salatu duenez, instituzioek eskualde batzuetan zerbitzuen sektorea lehenetsi dute azken urteotan, industriaren kalterako. “Lan baldintzak prekarizatzea ekarri duen prozesu horren adibidea da hainbat tokitan lurzoru industrialen erabilera aldatu izana, bertan Amazon bezalako enpresak instalatu ahal izateko”.

Politika horiek Bizkaia pobretzen dutela ohartarazi du Duquek, eta, horren aurrean, espezializazio handiko enpresak erakartzearen aldeko apustu egin du. Horretarako, egun erabiltzen ez diren lurzoru industrialak berreskuratzea proposatu du eta, horrekin batera, kinka larrian dauden enpresei laguntzeko 50 milioi euroko funts bat sortu behar dela berretsi du.

ALBISTEAK

Asier Vega: «EH Bilduren egiteko moduak gero eta jende gehiago biltzen du, baita Bizkaian ere»

2021-06-13 19:29:00

EH Bildu Bizkaiak bere zuzendaritza berria aurkeztu du gaur goizean, Bilbon.

EH Bilduko Bizkaiko zuzendaritza berriak %90,62ko babesa jaso du

2021-06-05 12:29:00

Asier Vega Isasik aurkeztutako lan taldeak zuzenduko du hurrengo lau urteetan EH Bildu Bizkaia

Lurralde politika eta plangintza estrategikoa eskatu ditu EH Bilduk Ezkerraldera inbertsio industriala erakartzeko

2021-06-05 12:12:00

EAJk eta PSEk Ezkerraldearekiko ahanztura instituzionala eta tertziarizazioaren aldeko urteetan nahita egindako apustua gaitzetsi ditu. Horren aurrean, lurzoruaren kudeaketa bere katalogazio industrialaren araberakoa izan dadila aldarrikatu du EH Bilduk, inbertsioak erakartzeko eta eskualdeari etorkizun duina bermatzeko.

EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio hobari-sistema bat ezar dezala AP-68ko ordainlekuan, Bizkaiko zatian

2021-06-01 14:32:00

Neurri horri esker, Hego Uribek jasaten duen diskriminazioarekin amaitu eta BI-625 errepidetik kamioien trafikoa murriztuko litzateke