Foru Aldundiak Burdin Hesiaren ondare historikoa berreskuratzeko duen asmoari buruzko interpelazioa egin du gaur EH Bilduk, Gerediagan egindako kontrol bilkuran. Izan ere, datorren urtean beteko da defentsa-elementu horren hausturaren eta Bilbo erori izanaren 90. urteurrena.
Bea Ilardia batzarkide soberanistak azpimarratu du oso garrantzitsua dela Foru Aldundia bera izatea lan horren buru, Burdin Hesiaren berreskurapenari balioa emateko eta herritarren artean ezagutarazteko, udalerriekin eta memoriako elkarteekin elkarlanean.
Ilardiak ondare horren kontserbazio-egoera kezkagarriaz hitz egin du, eta Tania González Cantera ikertzailea aipatu du; haren arabera, aztertutako egituren % 70ek baino gehiagok bandalismoaren aztarnak dituzte.
Bere erantzunean, Leixuri Arrizabalaga Kultura diputatuak memoria historikoaren arloko ekimenen errepasoa egin du; Gogora institutuaren lanaa, Durangoko Memoriaren Museoa eta udal eta ikertzaileen lana aipatuz, eta, 2027rako Burdin Hesiarekin edo gerra garaiko bonbardaketekin lotutako beste ekimen batzuk garatuko direla gaineratu du, ezer zehaztu gabe.
Bestalde, neurri fiskalez haratago, Bizkaiko Foru Aldundiak etxebizitza-politikaren arloan garatzen dituen ekimenei buruz galdetu du EH Bilduk.
Iker Casanovak, EH Bilduko batzarkide taldeko bozeramaileak, EAJk eta PSEk 2025eko politika orokorreko osoko bilkuran aurkeztu eta onartutako ebazpenari buruz galdetu dio Elixabete Etxanobe diputatu nagusiari, baita udalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera etxebizitza babesturako lursailetarako sarbidea handitzeko egindako lankidetzaren emaitzei buruz ere. Era berean, Casanovak Etxanoberi eskatu dio Azpiegiturak sozietateak etxebizitzaren arloan egin dituen jarduketak baloratzeko, eta berretsi du sozietate horren jarduera beraktibatzea etxebizitzaren eraikuntzara eta etxebizitzari lotutako politikak garatzera.