Joan den ostiralean aurkeztutako 2027rako Bizkaiko aurrekontu proiektuaren lehen balorazioa egin ostean, EAJk eta PSEk osatutako gobernuak zehaztutako norabiderik gabeko legealdiaren testuinguruan kokatzen du EH Bilduk. Aurkeztu den aurrekontu proposamena guztiz kontinuista da.
Iker Casanova EH Bilduko batzarkide taldeko bozeramaileak adierazi duenez, publiko egindako kontuak «aurreikuspen baikorregietan oinarritzen dira, haiek egindako zerga-erreformak ez baitu diru-sarrera sendorik izateko biderik eman. Bidegabea iruditzen zaigu diru-bilketaren planteamendua. Bizkaiko Gobernuak erabaki du gehien dutenei presio fiskala ez handitzea, eta, beraz, nekez sinetsi daiteke diru-bilketarako aurreikuspen horiek betetzea».
Elixabete Etxanobe diputatu nagusiak, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuarekin batera, 2027ko ekitaldirako Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Foru Arauaren proiektua aurkeztu zuten, 12.110,1 milioi euroko diru-sarrerak eta gastuak jasotzen dituena.
Aurrekontu proposamena aztertu ondoren, EH Bilduk esan du berriro ere bilketaren zatirik handiena langileen kontura geratzen dela. % 36,46 zeharkako bilketa da, hau da, denok zenbateko berean ordaintzen dugun zerga (atzerakoia), errenta-maila edozein dela ere. Bilduko denaren % 74,39 PFEZaren eta BEZaren kontura izango da (PFEZaren bilketaren % 37,93 eta BEZaren % 36,46).
Bestalde, Sozietateen gaineko Zerga (SZ) aurreko urtean baino % 20,66 gehiago bada ere, hazkunde nabarmen horren oinarrian 2026ko aurrekontuetan aurreikusitako Sozietateen gaineko Zergaren % 35,72ko jaitsiera dago. Oraingoz, diru-bilketari dagokionez, badirudi 2026. urtea oso diru-bilketa txikiarekin amaituko dugula zerga honi dagokionez.
Aurkeztutako aurrekontuen ondorioz, alderdi subiranistak zalantzan jarri du proiektuaren sinesgarritasuna, datorren urterako diru-sarrerak handitzeari dagokionez; izan ere, une honetan ez dirudi aurtengo kontuetarako aurreikusten zen diru-sarreren igoera beteko denik (igoera % 2,65ekoa izan zen, eta aurreikusitakoa, berriz, % 6,19koa).