EH Bilduk ekimenak erregistratu ditu Eusko Legebiltzarrean eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, gaur egun garraio publikoan indarrean dauden deskontuak 2027an zehar mantenduko direla eta horien kostua erabiltzaileei ez dagokiela bermatzeko.
EH Bilduk uste du ez dela nahikoa Euskadiko Garraio Agintaritzak (EGA) gaur iragarritako akordioa, Bat, Barik eta Mugi titulu pertsonalizatuetan % 20ko deskontu orokorra soilik mantentzea planteatzen baitu, Estatuko laguntzak desagertzen badira.
Amancay Villalba EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, «egungo hobariak murriztuz gero, tarifak igoko zaizkie milaka erabiltzaileri. Garraio publikoa funtsezko zerbitzua da eta euskal erakundeek bermatu behar dute egunero erabiltzen dutenek ez dutela gehiago ordaindu behar 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera».
Bestalde, Raul Mendez EH Bilduren Bizkaiko batzarkideak nabarmendu duenez, «EGAren akordioa ez da erabaki nahikoa. Egungo % 40ko eta % 50eko deskontuetatik % 20ko hobarira pasatzeak kostuaren zati bat herritarrei helaraztea dakar. Horregatik, hain zuzen ere, mozio hauek aurkeztu ditugu: euskal erakundeek beren erantzukizuna har dezaten eta indarrean dauden laguntzak osorik manten ditzaten».
EH Bilduren ekimenek euskal administrazioek 2027an egungo deskontuak osorik bermatzea eskatzen dute, baita erakunderen batek bere ekarpena murrizten badu ere, aparteko laguntzen amaierak tarifen igoera ekar ez dezan.
Proposamenak azaroaren 5ean eztabaidatuko dira Eusko Legebiltzarrean eta azaroaren 18an Araba eta Bizkaiko Batzar Nagusietan (Gipuzkoak oraindik ez du datarik). EH Bilduk lehentasuna erabiltzaileak babestea, garraio publikoaren erabilera sustatzea eta mugikortasun jasangarriaren irisgarritasun ekonomikoan atzerapausoak saihestea izan behar dela defendatuko du.
EH Bilduren ustez, eztabaida horiek aukera bat dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek herritarrei mezu argi bat bidaltzeko: garraio publikoak tresna irisgarri, iraunkor eta eskuragarria izaten jarraituko duela, eta tarifa-eredu berri baterako trantsizioa erabiltzaileek eguneroko joan-etorrien kostua handitu gabe egingo dela.