EH Bilduk kritika egin nahi dio Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta udal arduradunek joan den asteburuan Mungia, Zamudio, Loiu eta Erandioko udalerriei eragin dien ur-horniduraren lehen sareko matxura garrantzitsuaren inguruan egin duten kudeaketari.
Matxura joan den larunbat goizean gertatu zen, eta horren ondorioz ur uherra atera zen horniduran. Partzuergoak, gainera, modu prebentiboan, uraren kontsumoa debekatzea erabaki zuen. Baina arazo honek udalerri horietako 30.000 bizilaguni baino gehiagori eragin badie ere, kaltetutako erabiltzaileei berandu jakinarazi zaie matxura, bai eta ura ez kontsumitzeko abisua ere, eta udal batzuetako sare sozialak soilik erabili dira horretarako.
Ur Partzuergoari eskatzen diogu jendaurrean azal dezala zein den horrelako egoeretan aplikatzen den protokoloa, eta azal dezala ea kasu honetan protokoloaren aplikazioak huts egin duen. Bestalde, EH Bilduk premiazko agerraldia eskatuko du Ingurumen Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko saileko foru diputatuari, eta kaltetutako udalerrietako udal arduradunei eskatuko die Ur Partzuergoari eska diezazkioten beharrezko azalpenak kudeaketa tamalgarri honen harira.