Etxebizitzarako eskubidea errealitate bihurtzeko neurri fiskalez osaturiko foru arau proposamena aurkeztu du EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietan. EAJk eta PSEk osatzen duten Foru Gobernuak proposameneko puntuak negoziatu nahi ez izana deitoratu du EH Bilduk. Arantza Sarasola batzarkideak azpimarratu duenez, proposamenaren helburua «fiskalitatearen bidez etxebizitzaren funtzio soziala berreskuratzea eta irabazi-tresna gisa erabiltzeari uztea» izan da.
Proposamenak barne hartzen du edukitzaile handiek beren aktibo higiezinek ematen dizkieten diru-sarreren % 90eraino ez deklaratzea ahalbidetzen duen errentamendu-jardueraren araubide berezia ezabatzea; baita ere, etxebizitzen eskualdatzeetan karga handitzea defendatzen du, negozioa egiteko etxebizitzak metatzen dituztenen jardunari pizgarria kentzeko; karga % 20 handitzea, erosleak putre-funtsak badira; ondarearen gaineko zergaren ezarpena handitzea -aberatsek Bizkaian dituzten bigarren eta hirugarren etxebizitzak kargatzeko orduan atxiki daitekeen balioaren % 50ean baino ez dira balioesten-; eta azken neurria, % 20ko errekargua, erabilera turistikorako tensionatutako etxebizitza eta eremuetan erreferentzia-prezioak errespetatzen ez dituzten errentamenduetan.
Sarasolak bere hitzaldian adierazi duenez, etxebizitzaren arazoa «ezin da fiskalitatearekin bakarrik konpondu, bizitzeko direlako konbentzimenduan oinarritutako etxebizitza-politika oso bat behar dugu, eta ez negozio edo onura iturri bat, eta planteamendu horretan bat egingo duen fiskalitate bat behar dugu». Batzarkide subiranistak gaineratu duenez, «ez dirudi mezu edo politika oso koherentea denik, batzuek etxebizitza eskuratzeko arazoa konpontzeaz kezkatuta daudela esatea, eta bitartean erabilera turistikoko etxebizitzetara BEZa ez igotzeko borrokan aritzea, alegia».