AKTUALITATEA


| 2026-10-16 08:31:00

EH Bilduk ezagutzera ematen ditu Kongresu eta Senaturako azaroaren 29ko hauteskundeetako hautagaitzak. Azken urteotan Madrilen eginiko lanari jarraipena emateko apustua berretsi du proposamenak, belaunaldi aldaketa bultzatu eta udalgintzan zein parlamentuetan ibilbide politiko eta instituzional zabala daukaten profilak txertatuz.

 

Hautagaitzen parte diren pertsona guztiek bete-betean partekatzen eta ordezkatzen dute Euskal Herria Bilduren proiektu kolektiboa. Bloke erreakzionarioari partida irabazteko eta herritarren eskubide eta askatasunetan aurrera egiten jarraitzeko asmoarekin aurkeztu da EH Bildu hauteskunde erabakigarri hauetara.

 

EH Bilduren zuzendaritza Donostian bildu da gaur, eta ezeren aurretik, Mertxe Aizpurua, Bel Pozueta eta Jon Iñarrituren lana eta konpromisoa aitortu ditu. Pertsona militante eta ausartek osatzen dute ezker subiranistaren komunitatea, proiektu kolektibo baten alde lan egiten dutenak, herriari eta herritarren beharrei erantzuteko borondate irmoarekin. Kongresuko eta Senatuko talde parlamentarioek urteotan egindako lana ere nabarmendu du ezker subiranistaren zuzendaritzak.

 

Kongresurako Bizkaiko hautagaitza Oskar Matute Garcia de Jalon-ek lideratuko du, eta Kongresuko Talde Parlamentarioko bozeramailea izango da. Matuteren ostean, Marije Fullaondo La Cruz aurkeztuko da. XV legealdian diputatu izan ostean hautagaitza errepikatzen du Fullaondok; hezkuntza eta osasuna bezalako gaiak landu ditu azken legealdian.

 

Honakoak ere izango dira Bizkaiko hautagaitzaren parte: Andoni Rojo Toyos Talde Parlamentarioko egungo koordinatzailea; Garazi Zalbidea Lopez ekonomialaria; Markel Rio Taracido gazte mugimenduko kidea; Izortze Santin Gomez EHUko ikertzailea; Ina Robles Fernandez suhiltzaile eta giza eskubideen aldeko ekintzailea; eta Ane Muguruza Bartolome, 1989ko azaroaren 20an gerra zikinak hildako diputatu hautatu bakarraren alaba.

 

Tontxu Campos Granados Bizkaiko foru diputatu ohi eta Ibarretxeren Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak, Ihart Arakistain Muñoz Euskal Selekzioko pilotari profesionalak eta Mikel De La Fuente Lavin EHUko Lan Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakasleak osatuko dute zerrenda.

 

Senatuari dagokionez, Idurre Bideguren Gabantxo Bermeoko alkate ohi eta egungo senatari autonomikoarekin batera, Martin Arrasate Iriarte Durangoko abokatu gaztea eta Aitziber Ibaibarriaga Etxebarrieta Bilboko Udaleko arkitekto eta zinegotzi ohia izango dira.