AKTUALITATEA


| 2026-10-06 08:05:00

EAJk eta PSEk osatutako Bizkaiko Foru Gobernuak atzera bota du Azpiegiturak foru enpresa publikoa etxebizitza politika sustatzeko eragile bihurtzeko asmoarekin EH Bilduk aurkeztu duen ebazpen proposamena.

 

Joan den astean egindako politika orokorreko osoko bilkuratik eratorritako ebazpen proposamenarekin, EH Bilduk tresna garrantzitsu bat aplikatu nahi izan du etxebizitza eskubidea gauzatzeko bidean aurrera egiteko. Alderdi subiranistak Azpiegiturak erakundea etxebizitza politiketan modu aktiboagoan inplikatzea proposatu du. Iker Casanova EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi du Azpiegiturak estatutuetako helburuen artean etxebizitzaren arloan lan egiteko aukera jasotzen da, eta, beraz, EH Bilduren ustez, aukera egokia da aukera hori aktibatzea eta Azpiegiturak Bizkaiko Foru Aldundiaren etxebizitza-politiken izaera koordinatzailea ematea.

 

Zehazki, Azpiegiturak foru-lurzoruaren bankuaren kudeaketara zuzenduko luke bere jarduera. Iker Casanovak azaldu duenez, «aholkulari bihurtuko litzateke eta laguntza tekniko eta ekonomikoa eskainiko luke 7.500 biztanletik beherako udalerrietako etxebizitza-politiketarako, askotan ez baitute berezko baliabiderik erronka horri aurre egin ahal izateko. Azpiegiturak, gainera, lurzorua kudeatu ahal izango luke, edo lurzorua erosi etxebizitza-politikak eta etxebizitza-eraikuntzakoak aktibatu ahal izateko, betiere, beste erakunde batzuekin lankidetzan eta toki-erakundeen nahiz Eusko Jaurlaritzaren eskumen-esparruak errespetatuz».

 

Proposamen hori atzera bota dute PSEk eta EAJk. EH Bilduk, Iker Casanova bozeramailearen esanetan, "aukera galdua" da, «une honetan ahalik eta baliabide gehien aktibatu behar direlako, zalantzarik gabe, euskal herritarren ea bizkaitarron arazo nagusiari erantzuteko. Ez genuke aukera bakar bat ere alferrik galdu behar ekintza instituzionalean pertsonek etxebizitza izateko eskubidea gauzatzearen bidean».

 

Era berean, atzera bota dute koalizio soberanistak proposatutako beste ebazpen bat, foru erakundeek klima aldaketara egokitzeko plan integral bat egitea proposatzen zuena.

 

Klima aldaketarekin lotutako eguneroko bizitzako egoera berriak deskribatu ditu EH Bilduk, hala nola, asteburu honetan bertan izandako uholdeak, espezie inbaditzaileen ezarpena, bero boladak, hirien berotzea edo tenperatura altuengatik zahar-etxeetan izandako arazoak. Larrialdi klimatiko horri dagokionez, Iker Casanovak plan integral bat proposatu du, Foru Aldundiko sail guztiek azter zezaten, beren eskumen-eremuetatik, zertan eragiten dien klima-aldaketak eta nola erantzungo dioten horri.

 

Akordioa lortu den eremua garraio publikoa hobetzearena izan da, eta aldez aurreko akordioetan jasota zeuden baina oraindik gauzatu ez diren hainbat neurri onartu dira. Koalizio soberanistak lortu du gobernuko alderdiek onartzea 2027a amaitu baino lehen neurriak ezartzea, hala nola transbordoetako kostuak kentzea, errentaren arabera kobratzeko plan pilotu bat martxan jartzea, erabilera eta errenta baxuenak dituztenei mesede eginez. Eta garraioa elektrifikatzeko neurriak ezartzea.

 

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren babesari eta garapenari dagokionez, EH Bilduk proposatu du Batzar Nagusiek Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Espainiako Ministerioari eskatzea Urdaibaiko natura-erreserbaren itsas zortasuna itzultzea, lurreko jabari publikoa babesteko 20 metrotik 100 metrora. Foru erakundeak Madrilgo Gobernuari eskatu zion lehorreko jabariaren zortasuna 100 metrotik 20ra murriztea, Murueta ontziolak okupatzen zuen lursail batean, Guggenheim Urdaibai eraikina posible egiteko.

 

Atzera bota den proposamenak Foru Aldundiari eskatzen dio gainera Urdaibaiko Legearen berrikuspen-prozesua amai dezala eta Legea berrikusteko ibilbide-orri bat egitea bultza dezala, egungo egoerara egokitutako tresna erabilgarri bihur dadin, eskualdearen jasangarritasunari lagun diezaion eta haren ardatz nagusia partaidetza-prozesu zabal eta eraginkor bat izan dadin.