AKTUALITATEA


| 2025-05-22 16:25:00

Ez-arauzko proposamenaren beste puntua, alegia, Metro Bilbaok Israelgo segurtasun enpresa batekin sinatutako kontratu-harremana bertan behera uztea, PNV,PSE eta Ppren aurkako bozkak jaso ditu

 

 

Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu egin dute EH Bilduk aurkeztutako ez-arauzko proposamenaren puntuetako bat. Proposamen horren bidez, Euskal erakunde publikoek «Palestinako herriaren aurkako indarkeria eta genozidioa berehala eteteko» ekingo diote, eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa zorrotz betetzen dela zaintzeko jardungo da.

 

Gainerako taldeek babestu dute proposamena, PPk izan ezik.

 

Proposamen berean, EH Bilduk beste puntu bat bozkatzea eskatu du, Metro Bilbaok Israelgo I-SEC Aviation Segurity SL segurtasun enpresarekin sinatu duen kontratu-harremana bertan behera uzteko eskatuz.

 

Izan ere, «Bizkaiko Garraio Partzuergoaren jabetzako eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak kofinantzatutako enpresa publikoa den Metro Bilbaok, Lutxana-Plentzia tartean Metro Bilbaoren instalazioak eta material mugikorra zaintzeko zerbitzuaren kontratazioa esleitu dio aipatutako segurtasun enpresari. I-SEC Aviation Segurity SL, ICTSren filiala da. 1982an sortu zuten Shin Bet-eko inteligentzia zerbitzuetako kideek eta Israelgo El Al airelineako segurtasun saileko zuzendari ohiek».

 

Bigarren puntu hori atzera bota dute EAJk, PSEk eta PPk, eta argudiatu dute onartuz gero «legez kanpoko» egintza baten aurrean egon gintezkeela, esleipenak kontratazio publikoaren araudiak ezartzen dituen baldintzak beteko lituzkeelako.

 

Iker Casanova EH Bilduko bozeramaileak «ausardia» eskatu die beste taldeei «Europan beste erakunde batzuek egin duten bezala, oztopo legal horiek gainditzeko». Gainera, ondorio ekonomikorik balego «lurraldearen osasun ekonomikoa ez lukete zalantzan jarriko eta bizkaitarrek duintasunaren prezioa gustura ordainduko lukete» gaineratu du EH Bilduko ordezkariak.

 

«Koherentziaz jokatu» eskatu die Casanovak, «bete dezagun dagokigun erantzukizuna, etorkizunean gure seme-alabek edo bilobek galdetzen badigute non geunden eta zer egin genuen herri palestinarrarekin genozidioa gertatzen ari zen bitartean», gaineratu du Casanovak. Proposamenak Podemosen babesa baino ez du izan.