AKTUALITATEA


| 2026-04-29 11:39:00

Iaz onartutako zerga berrikuspenak sakoneko aldaketa bat ekarri du errentari begira familia-unitatea nola osatzen den arautzen duen sisteman.

 

Aldaketa horren ondorioz, banatuta dauden gurasoek praktikan galdu dute euren seme-alabekin familia unitatea osatu, eta baterako aitorpena aurkezteko eskubidea. Hau da, banaketaren ondorioz familia horiek egoera ekonomiko askoz zaurgarriagoan geratzen direnean, hain zuzen ere, lagundu ordez fiskalki gehiago hondoratzea da aldaketa honen emaitza (seme-alaba adingabeak dituzten familiez ari garela aintzat hartuta gainera). EH Bilduren ustetan, politika fiskal aurrerakoi baten guztiz kontrako norabidean kokatzen da aldaketa hau.

 

Aldaketaren funtsa zera da: orain arte banatuta zeuden gurasoen kasuan zaintza baten esku geratzen bazen, horrek zuen eskubidea seme-alabekin familia-unitatea osatzeko, eta zaintza bi gurasoen esku geratzen bazen, nahikoa zen haien arteko akordioa familia-unitatea seme-alabekin bietako zeinek osatzen zuen erabakitzeko. Orain ordea, familia-unitatea osatzeko seme-alaba horiek ekonomikoki guraso bakarraren menpe daudela egiaztatu beharko da, eta hau ezinezkoa da inongo banaketetan ez delako hori gertatzen, hau da, banaketa guztietan mantenu ekonomikoan beti bi gurasoek parte hartzen dutelako.

 

Aldaketa hau zerga berrikuspenaren ondorio izanik ere, Aldundiek ez dute honen berririk eman ez publikoki ezta eragindako pertsonei zuzenean, eta guraso hauek errenta kanpaina hasi eta euren aitorpen-zirriborroa ikusi dutenean ohartu dira aldaketa honetaz, eta honek ekarritako kalte ekonomikoaz.

 

Hala, gaur EH Bildu tadeak gaia Gernikan burutu den Kontroleko Osoko Bilkurara ekarri du eta Arantzi Sarasola batzarkideak iragarri du hiru foru lurraldeetan foru arau proposamena aurkeztuko dutela banatutako gurasoek euren seme-alabekin baterako aitorpena egiteko eskubidea berreskuratu dezaten.