EH Bilduk deitoratu egin du Bizkaiko foru gobernua sostengatzen duten alderdiek aukera pasatzen utzi izana eta azkenean Mendi Foru Arau eraldatzaile bat aurrera ateratzera ausartu ez izana. Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran, EH Bilduk arauaren aurka bozkatu du, nahiz eta legegintzaldi osoan alderdi soberanistak gai honen inguruan egindako lan zabalaren ondorioz, eta aste honetara arte izandako negoziazioaren ondoren, EH Bilduk hainbat puntu babestu ditu, baita zortzi proposamen transakzionatuak ere.
Iratxe Arriola batzarkideak azaldu duenez, «EH Bilduk Mendi Foru Arauari ezetza eman dio koldarra iruditzen zaigulako. Izan ere, paradigma-aldaketa batean gaude, eta horrek esan nahi du beste oreka batzuk planteatu behar direla, «zuhaitz autoktono gehiago eta mendietan dibertsifikazio handiagoa, adibidez. Dikotomia publiko-pribatuari dagokionez, mendi publikoaren ehunekoa handitu behar dugu. Eta naturarekiko harremanean urratsak eman behar dira, bai ekoizpenean, bai kontserbazioan. Hori da guk ikusten dugun paradigma».
Arriolak gaineratu du egurraren sektoreak aurrera jarraitu behar duela Bizkaian, «gure erantzuna argia da, bai. Baina, iraunkortasunarekin lerrokatuta eta kudeaketa aldatuz. Jabe txikiei eraldaketa-kontuetan lagundu behar zaie, eta horregatik proposatzen dugu diru publikoa horretara bideratzea. Eta haiekin epe luzerako kontratuak sinatzea proposatzen dugu. Baso jabeen elkarteko ordezkariek esan ziguten Bizkaian berrogeita hamar mila hektarea konifero kolapso egoeran daudela eta beste zerbaitetan eraldatu beharko dira».
Lanean jarraitzeko konpromisoa mantentzen du EH Bilduk, «eta iritsiko diren arauak aztertzen eta eskualdeko plangintzei ekiten jarraituko dugu. Irizpide orokorrak falta dira arau berrian, baina horrek ez du esan nahi Foru Arau honekin gauzak beste era batera egitea posible ez denik».