AKTUALITATEA


| 2024-04-12 16:22:00

Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak etxebizitzarena gizartean dugun egiturazko arazoetako bat dela esan du, etxebizitza hizpide EH Bilduk gaur eskainitako agerraldian.

 

Horri aurre egiteko, denon arteko elkarlana ezinbestekoa da. Maila ezberdinetan neurriak har daitezke, eta, nola ez, Udalok berebizko garrantzi eta ardura daukagu arazoari irtenbideak ematen joateko. Erakunderik hurbilenak gara, eta herrietako errealitatea ondoen ezagutzen dugunak" gaineratu du.

 

"EH Bildun udalgintzaren zutabetzat ulertzen ditugu etxebizitza politikak. Ez soilik adreiluan oinarritutako hirigintza, baizik eta jendearen beharrei erantzun behar dizkien proiektuetan ardazturikoa. Hori guztia gauzatzeko, udalok baliabideak jarri behar ditugu, arlo teknikoaren lana horretara bideratzetik hasita. Eta horretan ari gara Galdakaon" esan du Hernandok.

 

Egindako lanaren balantzea egitean, hauxe azaldu du Galdakaoko alkateak: «Alkatetzara heldu ginenetik gizarte larrialdietarako etxebizitza kopurua bost aldiz handitu; etxebizitza hutsen inguruko azterketa egin dugu eta etxebizitza aholkularitza bulegoa martxan jarri dugu; alokairu sozialera bideratutako etxebizitzak sortu ditugu, herri osoan ez baitzegoen mota honetako etxebizitzarik, eta zuzkidura bizitokien proiektu bat aurrera eraman dugu eta, horri esker, herriko gazteentzat alokairu baxuko 42 etxebizitza eraiki ditugu, guraso bakarreko familientzat 16, eta mugikortasun urriko pertsonentzat beste bi».