AKTUALITATEA


| 2019-05-15 14:08:00

Bea Ilardia ahaldun nagusigaiak indarkeria matxistaren aurkako EH Bilduren proposamenak aurkeztu ditu gaur Bilbon, Areatza parkean. Ilardiak funtsezkotzat jo du “eraso matxistak pairatzen dituzten emakumeek gaur egun aurre egin behar dioten labirinto burokratikoa amaitzea”, salaketa egiten dutenean, “oso egoera mingarri eta ahulean, beraz”, oztopoak baino ez dituztelako topatzen, eta horrek, labirinto horrek, ezinezko egiten du behar eta merezi duten erantzun zuzen eta egokia ematea.

Hori dela eta, EH Bilduko hautagaiak proposatu du Foru Aldundia izan dadila administrazio guztien arteko koordinazioa bultzatuko duena eta horren lidergoa bere gain hartuko duena, “indarkeria matxistaren biktimek lehen momentutik bertatik laguntza integrala jaso dezaten”. Ilardiak esan duenez, “instituzioek emakumeon bizitza erraztu behar dute, eta ez eragozpen gehiago jarri. Azken finean, emakume bakoitzak uneoro behar duen laguntza eta zerbitzuak izatea proposatzen ari gara, bai eta salaketa jartzeko urratsa ematen dutenean behar dituzten laguntza eta zerbitzu guztiak epaitegi eta komisarietan sartu bezain laster jaso ditzatela ere”.