Gaur, Gurutzetako ospitalearen aurrean gaude, Osakidetzak bizi duen egoera salatzeko. Izan ere, egoera horrek zuzenean eragiten die euskal osasun publikoko erabiltzaileei eta osasun arloko langileei. Guztiok ari gara hori egiaztatzen: lehen mailako arreta gainezka eta gaindituta dagoela ikusten dugu, familia medikuarekin aurrez aurreko hitzordua hitzartzea zaila egiten zaigula ikusten dugu, espezialitateen itxaron zerrendak etengabe hazten ari direla ikusten dugu, gure medikuak eta erizainak ez direla beren lana egitera iristen ikusten dugu, mediko eta erizainak gutxiesten dituztela eta aukera dutenean Osakidetzatik ihes egitea erabakitzen dutela ikusten dugu. Ageri-agerikoa da Osakidetzak herritarrei ematen dien zerbitzuaren kalitatean atzera egin dugula.
Osakidetza koroaren harribitxitzat hartzetik arazo izatera igaro da. Hau ez da kasualitatea. Osakidetzak bizi duen egoera ez da kasualitatea eta baditu arduradunak: azken urteetan euskal osasun publikoa kudeatu duten alderdiak. Euskal herritarren esku dago egoera honen erantzuleei esatea hau ez dela bide zuzena. EH Bilduk lanean jarraituko du, Osakidetza desegitea eta zerbitzu publikoen degradazio orokorra dakarten politika publiko horiek behingoz alde batera uzteko.