AKTUALITATEA


| 2023-04-28 20:55:00

EH Bilduk Enkarterriko zerrendaburuen aurkezpena egin du gaur arratsaldean Balmasedan. Bertan, Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaiak parte hartu du eta EH Bildu Enkarterrin aldaketa lideratzeko aurkezten dela nabarmendu du.

Enkarterrin “politika klientelarra, jauntxoak eta txiringitoak ondo ezagutzen dituztela” gogorazi du Casanovak eta politika egiteko modu berri bat defendatu du. Bere ustez, “herri honetan egun pertsona askok politika eta politikariak arazo baten parte direla uste dute”, baina “EH Bilduk esan behar du politika eta politikan gauden pertsonak konponbidearen parte garela, konponbide kolektibo eta eraldatzaile baten parte”.

“Hala ere,  horretarako politika elitista, entxufeak, eta klientelismoarekin bukatu eta eredugarria izan behar da, guztiz zintzoa. Erakundeen ateak ireki behar dira, herritarrek bereak bezala har ditzaten. Jendeak ulertu behar du politikoa eta kolektiboa konponbidea direla eta indibiduala dela muturreko egoerara ekarri diguna”, gaineratu du.

Bestalde, gogorarazi du Bizkaia eta bere eskualdeak anitzak direla eta, “ezin dela Bizkairako eredurik eraiki lurralde honen aniztasuna, berezitasunak eta konplexutasuna kontuan hartzen ez badira”. “Biztanleen beharrei erantzungo dien Bizkaiko eredu bat eraiki ahal izango dugu, baldin eta lurralde hau polizentrikoa dela ulertzen badugu eta definizio horrekin koherentziaz jokatzen badugu», nabarmendu du.

Casanovarekin batera, Gorka Alberdi Gueñeseko alkategaiak eta Maitane Arana Galdamesko alkategaiak hartu dute hitza, eta EH Bilduk Enkarterri lideratzearen aldeko apustua egin dute. Horretarako, zerrendaburu bikainak ditugu:

◦ - Alonsotegi: Unai Arregi Gardoki

◦ - Gueñes: Gorka Alberdi Eguren

◦ - Zalla: Enrike Hernadez Murga

◦ - Gordexola: Rober Ibarra Yarritu

◦ - Galdames: Maitane Arana Martinez

◦ - Sopuerta: Agustin Cuadrado Torre

◦ - Artzentales: Esther Martinez Las Heras

◦ -Turtzioz: Leire Collazos Dominguez

◦  Balmaseda: Nerea Fernandez Ruiz