Busturialdea izan da Bizkaiko EH Bilduk abian jarri duen Bizkaitik Bizkaira egitasmoaren azken geralekua. Indar subiranistaren alkate, zinegotzi eta ordezkariok Iker Casanova Bizkaiko EH Bildujko bozeramaile eta Izaskun Duque batzarkidearekin elkartu dira. Biltzeaz gain, Ebaki XXI eta Odim enpresak bisitatu dituzte eta eskualdearen erronka nagusiez, zein azken hilabeteotan eztabaidatzen ari den Busturialdeko plan estrategikoaz aritu dira.
Iker Casanovak adierazpenak egin ditu: «Busturialdeko ondarerik inportanteena bere jendea da, bertako jendea da babestu behar dugun ondare nagusia eta hori abiapuntua izan behar du eskualde honetako edozein proposamena egiterakoan. Ezin dugu jarri eskualdea interes arrotzen menpe; kanpotik egiten den ekarpen guztia, eskualdearen interesaren zerbitzura jarri behar dugu».
«Horretarako -Bizkaiko bozeramailearen esanetan- instituzio guztietatik lan egin behar da, ekarpena egin behar da Busturialdeak dauzkan arazoak konpontzeko; garraioa, enplegua, etxebizitza, inguruari dagozkionak eta baita ere, kudeatzeko daukan potentzialtasuna eta ondare erraldoia. Baina hori egin behar da beti jendearekin eta jendearentzat, eta abiapuntua izan behar da bertako herritarren borondatea aintzat hartzea. Hori da gure konpromisoa eta hori da instituzio guztiei eskatzen dieguna».
Begoña Enbeita, Muxikako alkateak bestalde, «batzuek postaleko eskualde bat eraiki nahi duten momentu honetan, guk Busturialdeko herritarren bizitzak erdigunean jarri nahi ditugu eta herritarrak eta herriak erdian jarriko dituen plan estrategikoa aldarrikatu nahi dugu hemen lan eta bizi ahal izateko. Eskualde bat nahi dugulako» esan du.