AKTUALITATEA


| 2023-04-23 15:18:00

Hego Uribeko zerrendaburuak aurkezteko ekitaldia egin du EH Bilduk gaur goizean Arrigorriagako Pergolan. Bertan Hego Uribeko herri guztietako zerrendaburuek eta Iker Casanova, EH Bilduren Ahaldun Nagusi gaiak, parte hartu dute.

Casanovak azken urteetan bizitako krisi anitzei erantzuteko, hiru lehentasun ezarri ditu: egungo errealitatearen diagnostiko egoki bat egin, ezarritako politika ereduak berritu eta bestelako politikak aktibatu. “Bizkaiak bultzada berri bat behar du, bere lidergo ekonomikoa eta abangoardiako politika sozialak gauzatzeko gaitasuna berreskuratzeko”, nabarmendu du.

Hori lortzeko politika egiteko moduak aldatzea ezinbestekoa dela azaldu du, eta Hego Uribean EH Bilduk gobernatzen dituen 6 udalak jarri ditu eredu bezala. Bere esanetan, “gobernantza eredu irekia behar du Aldundiak, lagunkeria eta klientelismoan oinarritutako eredutik aldentzeko”. Azkenik, oposizioan gauden udaletan “jauntxoak nahi bezala ez ibiltzeko euste-orma garela” nabarmendu du Casanovak.

Casanovarekin batera, Maite Ibarra eta Iñigo Hernando Arrigorriagako eta Galdakaoko alkategaiek hartu dute hitza ekitaldian. Maite Ibarraren esanetan, EH Bildu Bilboko metropolitik gero eta gertuago dago, eta Arrigorriagako eta Galdakaoko adibideak jarri ditu. Hego Uribeko Herrietan aurkeztutako talde bikainak eta horien anbizioa aipatu ditu Ibarrak. “EH Bilduk oraina badu, baina batez ere etorkizuna”, nabarmendu du.

Iñigo Hernandok, Galdakaoko alkategaiak, ekitaldia jendez gainezka ikusteagatik pozik agertu da. Emaitzak hobetzeko apustua egin du, Galdakaon egindako eraldaketa balioan jarriz. Iragarpen batekin bukatu du bere hitzartzea Hernandok: Hego Uribean EH Bilduk emaitza bikainak izango ditu eta aurrera egingo dugu.

Hauek dira EH Bilduk Durangaldeko herri ezberdinetan aurkeztuko dituen zerrendaburuak:

  • Arrankudiaga-Zollo: Txutxi Ariznabarreta

  • Arrigorriaga: Maite Ibarra

  • Basauri: Exabier Arrieta

  • Etxebarri: Ane Etxebarraia

  • Galdakao: Iñigo Hernando

  • Orozko: Samu Pasandin

  • Ugao-Miraballes: Maider Gaztaka

  • Urduña: Itziar Biguri

  • Zaratamo: Alberto Ugarriza

  • Zeberio: Ekain Goti