AKTUALITATEA


| 2025-11-26 11:33:00

Hilabete honetan bertan jakitera eman denez, Bilboko epaitegi batek Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) lan eskaintza publiko baten aurkako ebazpena eman du, deialdian C1 euskara maila eskatzen zelako gizarte integratzaile gisa jarduteko. Orain arte aurkeztutako epaien aurka helegitea aurkeztu du Aldundiak, baina ikusten ari garen bezala, euskararen aurkako erasoek eta epaileen erabakiek ez dute etenik.

 

Testuinguru honetan, gaur Batzar Nagusiek Gernikan burututako osoko bilkuran, Rakel Goñi batzarkideak galdetu dio Leixuri Arrizabalaga, Euskara, Kultura, eta Kirola diputatuari., ea aurreikusita al duen Aldundiak Euskara Normalizatzeko Plana egokitzea, plangintza indartuz eta baliabide gehiago sartuz, hala nola, trebatzaile gehiago eta normalizazio teknikari gehiago.. Diputatuak adierazi duenez, Aldundia txosten bat egiten ari da gure hizkuntzaren aurkako epaien ondorioz sortutako egoerari buruz, eta horren aurrean, EH Bilduk bizkortasuna eskatu du, giza baliabide gehiago erabili eta Euskararen Erabilera Plana indartzea.

 

EH Bilduren ustez, bestalde, Bizkaiak Bizkaibuseko flota eta instalazioak elektrifikatzeko ahalegina areagotu behar du. Raul Mendez batzarkideak adierazi duenez, «Bizkaiak urrats sendoagoak eman behar ditu Bizkaibuseko flota eta instalazioak elektrifikatzeko. Hiriarteko autobusak elektrifikatzeko neurriak eragin nabarmena izan dezakeelako kutsadura murrizteko, garraio-sistema eraginkorragoa sustatzeko, kostu operatiboak murrizteko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Etorkizun iraunkorrago baterako beharrezko urratsa da, mugikortasunari dagokionez».

 

Ekimen horren harira, EH Bilduk Sonia Perez, Garraio, Mugikortasun eta Turismo foru diputatuari eskatu dio «neurrizko berrikuntza bat, hibrido eta elektrikoak nahastuz, egungo planean aurreikusitako berritze-erritmoa handituz, 2035era iritsi ahal izateko, adierazitako helburua hobetuz, hau da, flotaren % 50 deskarbonizatzea. Agian % 65/70era irits liteke 10 urtean».

 

Bestalde, Agroekologiaren aldeko Udalerrien Sareak antolatuta, egunotan Urduñan burutu diren eta urtero ospatzen diren topaketei dagokienez, Iratxe Arriola batzarkideak Natura Ingurunearen eta Nekazaritzaren diputatua den Arantza Atutxari galñdera egin dio. Nola babestuko dituen Bizkaiko Foru Aldundiak Urduñako estrategia agroekologikoa eta horren ondoriozko proiektuak, elikaduraren estrategia integraleko proiektuak barne, hala nola Belardi, galdetu dio Arriolak.

 

Aitor Llano ahaldunak Elkartegiak programaren balorazioa eskatu dio Ainara Basurko Ekonomi Sustapeneko foru diputatuari, baina Carlos Alzaga Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak erantzun dio. EH Bilduren izenean, Llanok defendatu du Elkartegiak programaren kudeaketa «enpresa ekosistemarekin harreman zuzena duten arloetan egitea, baita eskualdeko agentziekin ere, horrela, sarrerako atea autobide bat izango dela bermatuz, eta ez bulego labirinto bat».

 

Llanok, bestalde, Arantza Atutxari galdetu dio Argañeda ur depositu horren azpiegitura Diputazioak ordaindu zuenez, eta kontuan izanik joan zen udan luizi baten ondorioz erabilezin geratu denez, zer neurri hartzea aurreikusten duen Natura Ingurunearen eta Nekazaritza Sailak Karrantzako biztanleei eta abeltzaintza beharrei ur-hornidura bermatzeko. Atutxak esan du Aldundia putzua konpontzen laguntzeko prest dagoela, baina argi utzi du horretarako eskumena udalarena dela.