AKTUALITATEA


| 2025-11-13 14:39:00

Gaur jakin dugu Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) atzera bota duela garraio publikoaren deskontuak otsailaren 20ra arte luzatzeko proposamena, eta horrek esan nahi deskontuak ezin izango direla aplikatu. Elixabete Etxanobe diputatu nagusiak berak iragarri zuen, joan den urriaren 29an, Gerediagan egindako kontrol-bilkuran, proposamena gaurko BGPren bilkuran planteatu behar zela.

 

Gaur gaurkoz ez dakigu zer tarifa aplikatuko diren 2026an. Horrek esan nahi du milaka erabiltzailek ez dakitela zenbat kostatuko diren datorren urtean Barik txartelekin eta abonuekin egindako bidaiak.

 

EH Bilduren ustez, BGPk luzapenari uko egin izana, Bizkaiko foru Aldundiak Bizkaiak behar duen mugikortasun ereduaren inguruan duen lidergo eta ikuspegi estrategiko faltaren beste adibide bat da. Urtez urte, garraio publikoaren deskontuen kudeaketan burugabekeria etengabeak aurkitzen ditugu, eta aurten ez dirudi salbuespena izango denik.

 

Deskontuak luzatzeko neurri horrek bi helburu zituen: batetik, urte hasieran deskontuez gozatzeko aukerarik izan ez zuten erabiltzaileak konpentsatzea, eta, bestetik, denbora irabaztea Espainiako Gobernuak horren inguruan zer pauso emango dituen ikusteko, eta horren arabera erabakiak hartzea. Eta badirudi bietako bat ere ez dela beteko.

 

Beste behin ere, Bizkaiko foru Aldundiak erakutsi du lurraldean ez duela estrategia propiorik garraioaren erabileran eta pertsonen errentetan oinarritutako tarifa-sistema progresibo bat ezartzeko, Batzar Nagusiek eta Gasteizko Legebiltzarrak 2024an onartu zuten bezala.

 

Aldundiak, eta foru ordezkaritzan eta CTBn bazkide diren EAJ eta PSEko bazkideek eman duten irudiak agerian uzten du ez dagoela ikuspegi partekaturik Bizkaiko garraio publikoaren eta mugikortasunaren kudeaketan

 

EH Bilduren Batzarkide Taldeak premiaz eskatu du diputatu nagusiaren agerraldia Erakunde, Gobernu On eta Gardentasun Batzordean, BGPren Kontseilu Nagusiaren bilkuran gertatutakoaren berri eman dezan, eta 2026rako garraioan deskontuak egiteko zer urrats emango diren argitu dezan.