AKTUALITATEA


| 2024-10-23 10:08:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du, foru sektore publikoko zuzendaritzarako pertsonak hautatzeko prozedurak berrikusteko, eta izendapen prozesuetan, publizitate, gardentasun, meritu, berdintasun eta gaitasun printzipioetara egokitzeko. Mozioa atzera bota dute EAJ-k eta PSEk. PP eta Podemos abstenitu egin dira.

Mozioa EH Bilduk ekainean egindako interpelazioaren ondorioa da. Horren bidez, indarrean dauden hautaketa irizpideen berrikuspena baloratzen ari ote zen galdetu zion Aldundiari. Azken hilabeteetan ez da polemika falta izan Bizkaian, foru-sektore publikoko enpresak eta fundazioak zuzentzeko pertsona batzuen izendapenen harira. Izendapen sonatuena Iñigo Iturrate izan da, Euskalduna Jauregiaren buru, urte askoan EAJko politikari eta legebiltzarkide izan ondoren. Izendapen horrek zalantzak sortu zituen espezializazio-osagai handia behar duen kargu baterako egokitasunari buruz.

Iker Casanova EH Bilduko bozeramaileak proposatu du izendapen horiek arautzen dituen araudiaren aldaketa aztertzea, «inolaz ere ez dugu esaten lege esparrutik kanpo egiten direnik. Are gehiago, EAEko foru arauek eta legeek babesten dute izendapen horiek diskrezionalitatearekin egitea». Hala ere, Casanovak adierazi duenez, «demokraziaren kalitatea globalki hondatzen ari den une honetan, beharrezkoa da erakunde demokratikoen prestigioa eta kalitatea indartzeko formulak bilatzea, eta horietako bat izan liteke profil tekniko bat ematea profil espezializatua behar duten enpresak zuzenduko dituzten pertsonei».

EH Bilduren ustez, «foru enpresak lan espezifiko bat egitera bideratutako erakundeak dira, eta orkestra baten edo Euskalduna Jauregia bezalako erakunde baten zuzendaritzatik hasi eta hondakinen kudeatzea edo aparkaleku baten zuzendaritzaraino (Aparcavisa kasu), ez da ezinbestekoa arduradun nagusiek afiliazio politiko zehatz bat izatea, bai aldiz, lehentasuna eman behar zaio norberaren eremuan espezialista kualifikatuak izateari».