Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordeak aho batez onartu du EH Bilduren ekimenez bultzatutako eta EAJ-PSErekin transakzionatutako zuzenketa bat, aurrerantzean hipoteka-bermedun mailegua eratzeko notario-eskriturei dagokien Egintza Juridiko Dokumentatuen (EJD) ordainketa erakunde mailegu-emaileak -bankuak- bere gain har dezan.
Orain arte, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga arautzen duen foru-arauak ezartzen zuen mailegua eskatzen zuen pertsona zela haren subjektu pasiboa -hau da, ordaindu behar zuena-.
Akordio hau, zeinak berekin dakarren hipoteka eskatzen duten pertsonen zerga-karga finantza-erakundeari helaraztea, abenduaren 27an onartuko da behin betiko, batzordean gaur adostutako testua Osoko Bilkuran eztabaidatu eta behin betiko bozka dadin helarazten denean, alegia.