AKTUALITATEA


| 2026-05-06 11:28:00

EH Bilduk Foru Arau proposamen bat aurkeztu du Bizkaiko Batzar Nagusietan, banandutako bikoteek berriro ere, bere ondorengoekin batera errenta aukera egiteko aukera errekuperatzeko helburuarekin. Joan den astean, alderdi soberanistak horren inguruan galdetu zion Ogasun diputatuari, Batzar Nagusietako osoko bilkuran, eta erantzun eskasa jaso ostean, EH Biduk aldaketa eskaera hori aurkeztuko zuela iragarri zuen.

 

Aldaketa horren ondorioz, banatuta dauden gurasoek praktikan galdu dute euren seme-alabekin familia unitatea osatu, eta baterako aitorpena aurkezteko eskubidea.

 

Aurreko ekitaldirarte errenta-kanpainan indarrean egon zen aukera hau, baina EAJk, PSEk eta Podemosek igaz onartutako azken erreforma fiskalaren ondorioz aukera hori bertan behera geratu zen. 60.000 pertsona ingururi eragin diezaioke aldaketa honek, eta 1.000 eta 1.500 € bitarteko kopuruak jasotzeari utziko diotelako sortu da kezka eta haserrea.

 

EH Bilduk bere garaian ohartarazi zuen Bizkaian onartu zen erreforma fiskalak ez zuela diru-sarreren jaitsiera konpentsatzen errenta altuenei eta enpresei presio fiskala gehituz. Ondorioak ikusten ari gara orain. Kasu honetan esan dezakegu banatuta dauden pertsonak EAJ, PSE eta Podemosen populismo fiskalaren faktura ordaintzen ari direla.