AKTUALITATEA


| 2026-05-15 10:44:00

Garraio publikoa eraldatzeko unea da eta horretarako, Bizkaibus zerbitzua herritarren beharrietara egokitu behar da. Bizkaiko Diputazioak atera dituen Bizkaibus zerbitzurako lizitazio berriei alegazioak aurkezteko epea datorren maiatzaren 22an bukatuko da.


Iker Casanova, Bizkaiko EH Bilduko bozeramaileren esanetan, «Bizkaibusek Bizkaia bertebratzen du eta autobusa erabiltzen duen jendearen parte handi bat Bizkaian barrualdean bizi da edo hirigunetik urruneko auzoetan. Horregatik, funtsezkoa da autobus zerbitzu eraginkor bat Bizkaian. Zoritxarrez -gaineratu du Casanovak- Foru Aldundiak atera dituen Bizkaibus zerbitzurako lizitazio berrietan, ez da aurreikusten indartze nahikorik, ez dago paradigma aldaketarik. Zerbitzuaren pribatizazioa eta auto pribatuarekiko menpekotasuna jarraitzen dute izaten ereduaren ezaugarriak».

 

EH Bilduk herriz herri eta eskualdez eskualde lanean jarraituko du, Bizkaibusen zerbitzuak, maiztasunak eta konektagarritasuna hobetzen laguntzeko.

 

EH Bilduren alegazioak herri eta eskualde-mailan bideratzen ari dira, eta ildo desberdinei egiten diete erreferentzia, beti ere, lurralde-kohesioaren ikuspegitik. Herrialde osoari dagokionez, modu orokorragoan planteatzen dira, eta zerbitzu-eskaintza globalari buruzko proposamenak jasotzen dira.