AKTUALITATEA


| 2024-11-20 16:52:00

Trans pertsonen eskubideen aldeko politikekin Bizkaiko Diputazioaren eta Enplegua, Gizarte Kohesio eta Berdintasuna foru diputatua den Teresa Laespadaren konpromisoa bermatze aldera, sei hilabeteko epean, 24/2024 Legea gauzatzeko plangintza aurkeztu dezala aipaturiko foru Sailak eskatu du gaur EH Bilduk Bizkaiko BBNNek Gernikan ospatutako osoko bilkuran.

«Plangintza hori Aldundiko beste sail batzuekin batera egingo da, Legea bere osotasunean betetzen dela bermatzeko. Adierazi genuen bezala, 4/2024 Legearen garrantzia kontuan hartuta, politika horien garapenaren ardura duen pertsonak, hau da, Teresa Laespada diputatuak konpromiso sendorik ez izateak kezkatzen gaitu», esan du Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak, «lege hori euskal erakundeetan garatu eta biziaraziko duten politika publiko eraginkorrak proposatu eta aplikatu beharrean, haren ekintzak, bereziki sare sozialetan araudiaren printzipioen aurka agertu delako».

EH Bilduren aburuz, «legearekin eta haren adierazpen publikoekin bat datozen politikak ez ezartzearen eta legearen edukia ahultzen duten politiken arteko kontraesan horrek zalantza handiak sortzen ditu Trans kolektiboaren eskubideekiko eta babesarekiko duen konpromisoari buruz, eta, ondorioz -gaineratu du Izaskun Duquek- Bizkaiko Foru Aldundiak duen konpromisoari buruz, bere alderdiaren ordezkari gisa, Aldundi honena eta bere posizioan, defendatu eta sustatu beharko lukeen legea betetzeari buruz».

Izan ere, EH Bilduren mozioak osoko zuzenketa bat jaso du, trans pertsonen eskubideei buruzko eztabaida Aniztasun Plan berrian desegin nahi duena. Proposamen horrek aniztasuna bere osotasunean jorratzen du, baina ez du kolektibo zehatzentzako neurri zehatz bakar bat ere jasotzen. «Guk aldiz, Trans pertsonen eskubideak berariaz defendatzen dituen legeaz ari gara. Ez gara bestelako identitateez edo genero-orientabideez ari. Trans pertsonez ari gara. Horregatik uste dugu beharrezkoa dela plan espezifiko bat. Kolektibo espezifiko bat eta lege espezifiko bat. Politika publiko horien garapena bermatuko duen plangintza behar dugu. Giza aniztasuna lantzen duten beste plan batzuetan lausotuko ez den plana».