AKTUALITATEA


| 2021-06-01 14:32:00

Gaur goizean, EH Bilduko hainbat arduradunek eskatu dute Aldundiak hobari-sistema bat ezar dezala AP-68 autobideko ordainlekuan, Bizkaiko zatian.


Prentsaurreko baten bidez, Itziar Biguri Urduñako alkateak eta Raul Mendez batzarkideak zonaldeko milaka pertsonari eragiten dien diskriminazio egoerarekin amaitzea eskatu dute.
«AP-68 autobidea ordainpeko bide bat denez, eta Urduña eta Bilbo arteko BI-625 errepidearen alternatiba bakarra, ordainketa ekonomiko handia da Hego Uriben bizi diren pertsonentzat», gogorarazi du Bigurik, eta azpimarratu du EH Bilduk 2017tik eskatu duela Aldundiak egoera hori arintzeko neurriak har ditzala, tarifa laua edo beste hobari mota bat aplikatuta.


«2017ko urtarrilaren 1etik Bizkaian gehienez 30 euro ordaintzen dira hilean Supersur, AP-8 eta Artxandako tuneletan zirkulatzeagatik (33,45 euro hilean 2021ean). Ordutik, orain dela 4 urte, Urduña, Arakaldo edo Arrandukiaga bezalako herrietako hautetsiek diskriminazio-egoera horrekin amaitzeko eskatzen dute. Bizkaia osorako antzeko hobari-sistema bat eskatzen dugu, lurraldeko gainerako autobideetako erabiltzaileen eskubide berberak bermatzeko», adierazi du Mendezek.


BI-625 errepidea arintzeko neurria eta erakundeen arteko akordioa


EH Bilduren arabera, hobariek edo tarifa lauak autobidea erabiltzera bultzatuko lituzke pertsona asko. Kamioiek autobidea gehiago erabiltzeak zirkulazioa arinduko luke BI-625 errepidean, Arrigorriaga, Ugao-Miraballes, Arrankudiaga eta Arakaldo udalerrietan.

 

Gainera, Mendezek azpimarratu duenez, «2012ko ekainaren 1etik, Arabako Foru Aldundiaren lurralde horretan bizi diren eta Bizkairantz egunero erabiltzen duten pertsonei hobariak ematen ari zaie, eta irailaren 1etik aurrera, Laudiotik Bilbora doan AP-68 autobidearen tartean, hilean 15 bidaia edo gehiago egiten dituzten pertsonei % 60ko hobaria emango zaie bidesariaren prezioan. Araban egingarria bada, zergatik ez Bizkaian?».


EH Bilduren iritziz, neurri horiek ezin dira atzeratu 2026an emakida amaitu arte, eta beharrezkoa da lehenbailehen neurriak hartzea diskriminazio argiko egoera batekin amaitzeko.