AKTUALITATEA


| 2025-03-20 17:59:00

Bizkaiko Basogintza Azterlan Batzordearen azken saioa ospatu da gaur eta udatik ona izandako ibilbidearen ostean bozkatu da batzordearen ondorioen txostena. Orain osoko bilkurara eroan beharko da erespena onartuta. EH Bilduk positiboki baloratzen du batzordearen beraren sorrera, «gure ekimenez izan zen -gogoratu du- eta, baita ere, ibilbide honetan hamabi adituk beraien begiradekin gure mapa osatzen lagundu digutela».

 

Aurrerapausoak ikusten ditugu EH Bilduk eta hori positiboki baloratzen du, «baina badaude oraindik ilunak eta txostenean sartu ez diren gauzak, zein gaizki sartu direnak» azaldu du Iratxe Arriola batzarkideak eta horregatik EH Bilduk abstentzioa bozkatu du eta boto partikularra egingo du «desadostasunak zehazteko non dauden eta hoietaz ere hitz egiteko osoko bilkuran».

 

Iratxe Arriolak azaldu duenez, txostenean «hitz egiten da espezien dibertsitatearen beharraz, orain arte monolaborantza izan delako nagusi Bizkaian. Hitz egiten da kudeaketa eredu ezberdinetaz, eta guzti hoiei bide emateko beharraz, orain arte naturatik gertuko produkzio basoa zegoen desbentajan, ez zeukalako laguntza nahikorik. Eta esaten da txostenean horri buelta emango zaiola. Hitz egiten da zerbitzu ekosistemikoetaz, beraz, jadanik, basoa ez da ikusten egurra produzitzeko espazio moduan soilik, eta beste zerbitzu ekosistemiko batzuk egon daitezkela jasotzen da, bokazioaren arabera ulertzen da; izan daiteke ura ikustea, klima erregulazioa, onddoak eta beste hainbat, eta hori monitorizatu beharra dagola ere esaten da».

 

Aldiz, aurkeztutako testuan ez da aipatzen orain arte aplikatu dan eredu intentsiboak ze nolako ondorioak izan dituen gure kapital naturalean esan du EH Bilduko batzarkideak, «higadura, ur kalitate eta kantitatearen afekzioa izan du, izurriteak ematen dira, eta guzti hoietaz albo-kalte bezala hartzen dira. Are gehiago, esaten da basoaren egoera jasangarria dela». Foru Aldundiak bere gain hartu behar duela basoaren babesa gaineratu du EH Bilduk

 

Agertzen da txostenean ere, besteak beste, Iratxe Arriolaren esanetan, «basoaren utzikeriak sortzen duela oxigeno gutxiago emititzeko gaitasuna, karbono dioxidoa gutxiago zurgatzekoa eta uraren kantitate eta kalitatean ondorio negatiboak. Hori, bere horretan, ez dauka inolako oinarri zientifikorik eta gezurra da. Hori zuzendu beharra dago».

 

«Gu lanean jarraituko dugu Bizkaiko Foru arau berri hau XXI. mendera egokitua egon dadin, non lehen sektore indartsu bat, kalitatezko enplegua sortzen duena eta trakzionatzen duena industria berde potente bat zutabetzen den, horrez gain, kultura, paisaia eta gizarte osoaren ongizatea bilatzen dituen basoak sustatzen dituena eta klima aldaketaren erronka bere gain hartzen duena» bukatu du Arriolak.