AKTUALITATEA


| 2023-05-26 17:08:00

Iker Casanova Bizkaiko ahaldun nagusigaiak, Maria del Rio Bilboko alkategaiak eta Oskar Matute diputatuak gaur adierazi dutenez, EH Bildu Bilborako eta Bizkairako “apustu eraldatzailea” da, eta “etorkizun ekonomikoa bermatuko du, ikuspegi aurrerakoi batetik, bai eta herritarren interesen defentsa ere, pertsonak erdigunean jarriz”. “Maite duzun Bizkaia eta Bilbo eraikitzeko bozkatu EH Bildu”.

Casanovak adierazi duenez, EH Bilduk Bizkaia suspertzeko proposamen integral bat aurkeztu du. Bizkaiak etorkizun ekonomikoa bermatu behar duela esan du eta, bere esanetan, “hori soilik egin daiteke industria 5.0ren inguruan, industria aurreratua, teknologikoa, jasangarria eta soziala”.

Era berean, “Bizkaia polizentriko baten aldeko apustua” egiten duela EH Bilduk esan du, “pertsonak eta lurraldeak atzean utziko ez dituena eta Bizkaian abangoardiako politika sozialak garatzeko gai  izango dena”.

“Bizkaia aurrerakoia da, ezkertiarra da, Bizkaiak politika sozial aurreratuak behar ditu, fiskalitatetik mugikortasunera, lehenengo sektoretik zaintza eremura, eta horiek martxan jartzeko alternatiba bakarra EH Bildu da”, azpimarratu du. “Gobernantza eredu garden batetik eta Bizkaiaren aniztasuna aintzat hartuta, proposamenak aurkeztu ditugu Bizkaiari begirada aurrerakoi batetik bultzada bat emateko”, esan du.

Bere aldetik, Maria del Riok igande honetan “asko dagoela jokoan” ohartarazi du, “Bilbo nork kudeatzen duen, horren menpe gauza asko daudelako”. “EH Bildu euskal udaletan zinegotzi gehien dituen alderdia da, eta agintean gauden udalerrietan, jendeak eskubideak irabazten ditu: etxebizitza sozialean, politika feministetan eta zerbitzu publikoetan”, azaldu du.

Bere esanetan, “Bilbok ezkerreko gobernua merezi du, jendearentzat lan egingo duena, eta ez Iberdrolako dorrean dauden buruzagientzat”. “Egunero eta auzoz auzo hamaika mugimendu sozialetan parte hartzen dutenek osatzen dute Bilbo eta, bilbotarron elkarlanari esker, Bilbon bizitzea da ikuskizunik handiena. Izan ere, Bilbon egin izan den onena guztion artean eraiki izan dugu beti”, nabarmendu du. Horregatik Maria del Riok  EH Bildurentzat eskatu du bozka “hemen, garrantzitsuena ez delako nondik gatozen, elkarrekin nora goazen baizik”.

Bestalde, Oskar Matutek ezkerreko pertsona guztien botoa EH Bildun biltzea eskatu du, Bizkaian ezkerreko gobernu bat egoteko alternatiba delako. “Ezkerreko espazio berrietara nola iristen ari garen ikusten ari gara; EH Bilduk ezkerraren fronte zabala ordezkatzen du Bizkaian, eta oraindik gehiago izango da. Beldur dira martxan dagoen herrialde baten adierazpena garelako”, nabarmendu du.