Bizkaia

Albisteak

Durangaldeko Mankomunitateko benetako erronkak lehenesten ez dituen aurrekontu bati ezetza emango dio EH Bilduk


Plan estrategikoa, komunikazio plana eta presidentearen soldataren kontra mintzatu da EH Bildu, eta era berean, legegintzaldi berrian etengabeko iragarpenekin sortutako nahasmena salatu du

| 2020-01-15 11:48:00

EH Bilduk hiru emendakin aurkeztu zizkion aurrekontu proposamenari: plan estrategikorako 40.000€ko partida eta komunikazio plana eta prentsa zerbitzua kontratatzeko 42.000€ko partidak kentzea eta presidentearen soldata aurreko legegintzaldiko zenbatekoetara jaistea. EAJ eta AIk osatzen duten gobernu taldeak ez zituen EH Bilduren emendakinak onartu.

Plan estrategikoa eta komunikazio planaren kontra mintzatu da Aitor Lopez, EH Bildu taldeko bozeramailea. Bere ustetan “plan estrategikoaren beharra EAJrena da, ez Mankomunitatearena. Prest gaude Mankomunitatearen erronka estrategikoez hitz egiteko, EH Bildun argi dugu erronka horiek zein diren, baina ez dugu uste horretarako 40.000€ gastatu behar direnik. Udalek gobernu taldearen proiektu falta ordaindu beharko dute”. Komunikazio planaren inguruan ere kritiko mintzatu da EH Bildu. Legegintzaldia hasi denetik presidentea etengabeko marketin kanpaina bat egiten ari dela salatu dute, eta helburua ez dela zerbitzuen berri ematea, baizik eta bere irudia bultzatzea. Komunikazio plana bide beretik joango dela aurreikusten du EH Bilduk.

“Larria iruditzen zaigu udalen kuotak batez beste %6,5eko igoera izango dutela jakinda EAJk planak egiteko partida handiak sartzea aurrekontuan. EAJ Mankomunitatean egotea garesti irteten zaie gure udalei eta herritarrei” esan du EH Bilduko bozeramaileak. Hori dela eta, EH Bilduk kontrako botoa emango dio EAJ eta Abadiñoko Independenteek 2020rako aurkeztutako aurrekontuari.

Gizarte zerbitzuak indartzea, gizarte zerbitzuen kartera garatzea eta hondakin organikoaren bilketa osoa sustatzea izan beharko lirateke 2020rako erronka nagusienak EH Bilduren ustez. Toki-Garapen arloa bultzatzeko neurriak hartzea ere mahai gainean du Mankomunitateak eta EH Bilduren ustez garrantzitsua da gai hauek lehentasun bezala jartzea. “Gobernu taldeak Mankomunitateko benetako erronkak lehenesten baditu EH Bildu bidelagun izango du” esan du Lopezek, eta EH Bilduk aurrerantzean ere “jarrera proposatzailea” izango duela gaineratu du.