AKTUALITATEA


| 2023-05-18 20:19:00

Iker Casanova Ahaldun Nagusirako hautagaiak Urduña jarri du “Bizkaiak behar duen eraldaketaren adibide gisa, hauteskunde hauetan bultzada handia izango duen eredua, hain zuzen ere”. Casanovak EH Bilduk Urduñan egin duen ekitaldian egin ditu adierazpenok, Jon Iñarritu diputatuarekin eta Itziar Biguri Urduñako alkate eta hautagaiarekin batera.

Ildo horretan, gogorarazi du EH Bilduk “Urduñako Udala geldirik eta aurri ekonomikoan aurkitu zuela, eta, gaur egun, aldiz kudeaketa onaren, gobernantza irekiaren, saneamendu ekonomikoaren eta konponbideak ematen dituen udal baten adibidea” dela.

Iker Casanovak berretsi du EH Bilduk Bizkaia “polizentrikoa” eraikitzearen aldeko apustua, eta hori, Urduñan esan duenez, “funtsezkoa” da. “Ezin dugu onartu Bizkaian bizi diren pertsonen zerbitzuak eta bizi-kalitatea bizi diren tokiaren araberakoak izatea, ezin dugu onartu lehen eta bigarren mailako bizkaitarrak egotea”, adierazi du. Beraz, bere esanetan, “gure lurraldeko eskualde bakoitzari gaitasuna eta zentraltasuna eman behar dizkiogu eta horixe egingo du EH Bilduk”.

Bigurik adierazi duenez berriro ere alkatetzara aurkeztuko da “beste mundu bat posible delako, merezi dugun Urduña eraikitzen ari garelako”. “Horregatik gaude hemen eta horregatik da garrantzitsua erakunde guztietan egotea, herritarren alde kudeatzeko”, adierazi du.

Urduñako alkateak Udal Gobernuak hirigintza, kultura, gizarte ongizate, iraunkortasun, auzo, merkataritza eta industria arloetan egindako hainbat jarduera errepasatu ditu, besteak beste, bizilagunen bizitza hobetu dutenak.

Era berean, hainbat proposamen eta proiektu aurkeztu ditu udalerrirako, hala nola emakumeen etxea, jantoki soziala, etxebizitzen alokairuaren eskaintza handitzea, zuzkidura-etxebizitzak, auzoen berroneratzea, merkataritza-sektorearen dinamizazioa, turismoaren mahaia sortzea, kultura-zentro bat, kirol-gune berriak eta euskararen aldeko ekimenak.

“Pertsonak eta haien ongizatea erdigunean jarriko dituen hiri eredu baten alde lan egiten ari gara eta jarraituko dugu. Urduñan sekulako potentziala dugu, udalerriarekin konprometitutako pertsonak ditugu, arlo askotan ezagutza dutenak, ekarpenak egiteko gogoa dutenak, esperientziadunak. Proiektu indartsua dugu, eta konpromisoa, ilusioa eta esperientzia dituen taldea. Aurrera goaz!; nabarmendu du.