AKTUALITATEA


| 2023-05-14 18:37:00

Iker Casanova Ahaldun Nagusirako hautagaiak Astrabuduan egindako kanpaina-ekitaldian esan duenez, “EH Bildu Bizkaia osoan haziko da, Bizkaia osoarekin, pertsona guztiekin eta lurralde guztiekin bat egiten duen proposamen politikoa duelako”. “EH Bildu ez dago Bizkaiko eremu batzuetara mugatuta, toki guztietan haziko gara, EH Bilduren apustu politikoa bat datorrelako pertsonek dituzten babes eta garapen ekonomikoko beharrekin”, nabarmendu du.

 “EH Bildu irabaztera doa, hegemonia politikoa lehiatzera, eta, lehenak ez garen lekuetan, bigarren indar politikoa izatea lortuko dugu, eta epe ertain eta luzerako alternatiba bihurtzea, atzera bueltarik ez duen fenomenoa baita. Bizkaia osoan EH Bildu hazten ari da, irabazi egingo du eta udalerri guztietan lehiatuko dugu”, nabarmendu du Casanovak gaur Erandion egindako ekitaldian, Idurre Bideguren senatariarekin eta Imanol Eguskiza Erandioko alkategaiarekin batera.

Bertan, ahaldun nagusigaiak gogorarazi du Astrabudua bezalako auzoak, “garai batean Bizkaiko ekonomiaren epizentro ekonomiko eta industrialaren parte izan zirenak, gaur egun gainbehera ekonomikoan daudela, abandonatuta daudela eta arazo sozial larriak dituztela”.

Horregatik, bere esanetan, “hemen EH Bilduren proposamenak oihartzuna izango du, EH Bilduk zonaldeko bi arazo nagusiei erantzuten dielako: alternatiba ekonomikorik eza eta instituzioen utzikeria”. Ildo horretan, nabarmendu du EH Bilduren “lehentasun” bat dela “industria potentziala berreskuratzea eta industria hori lurraldean banatzea”. “Halaber, lehentasunezkoa da ongizate ekonomikoa lurraldeko eremu guztietara iristea, eta  Aldundiaren arreta jasotzeko lehen eta bigarren mailako tokirik ez egotea”, gaineratu du.

Hori dela eta, Casanovaren ustez, “Astrabudua eta Bizkaian dauden Astrabuduak EH Bilduk maiatzaren 28ko hauteskundeetan emango duen jauzi historikoaren oinarria izango dira”.

Bestalde, Imanol Eguskizak EH Bilduk udalerrian bizi-kalitate hobea lortzeko dituen proposamenen berri eman du, eta, ziurtatu duenez, “EH Bildu da berme bakarra Erandio norabidentz aldatzeko; ezkerrerantz, herritarren benetako parte-hartzerantz, berdeguneak dituen herri baterantz, zaintzak erdigunean jartzen dituen eta herritarren beharrak enpresa pribatu batzuen interesen gainetik jartzen dituen herri baterantz, hain zuzen ere”.

“Erandion bi aukera baino ez daude: betikoa egiten jarraitzea, denak berdin jarrai dezan, edo datorren maiatzaren 28an EH Bilduri botoa ematea, gure herriak norabidea aldatzea bermatzen duen alternatiba bakarrarekin bat egiteko”, nabarmendu du.