AKTUALITATEA


| 2023-05-16 20:16:00

Iker Casanova Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaiak erronka berriei aurre egiteko “abangoardiako politika publiko ausartak” martxan jartzeko beharra aldarrikatu du. Casanovak adierazpenok gaur Elorrion egindako ekitaldian egin ditu eta berarekin batera egon dira Arkaitz Rodriguez legebiltzarkidea eta Julene Lazkano alkategaia.

Esan duenez, egungo krisi ekonomiko, energetiko eta sozialak “premia berriak” sortu ditu, eta “ezinbestekoa da formula berriekin aurre egitea”. Ildo horretan, “zerbitzu publikoen ahultzearen eta pribatizazioaren aurrean, EH Bilduk horiek indartzearen eta pribatizazioari aurre egitearen aldeko apustua” egin du.

“Enpresa handiei mesede egiten dien eredu baten aurrean, zerbitzu publikoen kalitatea eta langileen lan-baldintzak okertuz, EH Bildun pertsonak erdigunean jarriko dituzten, ongizatea bermatuko duten eta kalitatezko lanpostuak sortuko dituzten politika publikoen aldeko apustua egiten dugu”, nabarmendu du.

Eskuartean ditugun erronken artean, Casanovak zaintzen erronka azpimarratu du, eta, ildo horretan, “zaintza eredu berri baterako trantsizioa beharrezkoa” dela defendatu du. Gaineratu duenez, zaintza, “herri erronka gisa, eremu pribatuaren eta familiaren ardura izatetik eremu publiko-komunitarioaren ardura izatera igaro behar du”.

“Gaur egun Bizkaiko zainketak merkantilizatuta daude, eta milaka eta milaka emakumeren lan prekarioan oinarritzen dira”, salatu du. Horrela “egoera hori errotik aldatzeko eta pertsona guztientzako zaintza publiko, komunitario eta doakoaren alde” egiteko beharra nabarmendu du.

Casanovaren esanetan, “Elorrion beste zaintza eredu bat posible dela erakutsi dugu, baina horretarako borondate politikoa behar dela”. Horrela, “EH Bildu dela eraldaketa hori gauzatzeko bermea” azpimarratu du Casanovak. “Zaintza eskubide bat da eta eskubide unibertsala izan behar du, erdigunean jarri behar da eta hori bermatzeko politikak abiarazi behar dira”, esan du.